Blake, William
Margolari, grabatzaile eta olerkari ingelesa (Londres, 1757 - Londres, 1827). Hamalau urte zituela Basire grabatzailearekin hasi zen ikasten; gero Royal Academy-an Flaxman eta Füssli-rekin. Reynolds-en irakaspenetik izadiak inspiratutako pinturarekiko mesprezu sakona gorde zuen. 1783an bere lehen poema liburua argitaratu zuen, lirismo bizikoa eta ikuskariz betea. Berarekin lan egiten zuen anaiaren heriotzak haluzinazioak eragin zizkion, eta ikuskarietarako joera aregotu. 1789an Songs of Innocence ospetsua argitaratu zuen, berak grabatu eta koloreztatu zuen liburu saileko lehena. Ondoren Songs of experience (1894) eta liburu profetiko zenbait (Prophetic books) argitaratu zituen bere teknika bereziez baliatuz. Zortzi urtez ahaztua eta miserian bizi izan ondoren Londresa itzuli zen eta ehun marrazki landu zituen Joben liburua eta La Divina Commedia irudiztatzeko. v Blake ingeles erromantizismo aurreko pertsonaiarik interesgarrienetakoa da. Iragarle estiloan ideal iraultzailearekiko atxikimendua eta kristau moralaren izaera zapaltzailea aldarrikatzen ditu; erlijio dogmatismoari aurka eginez, humanismo sakonez kutsaturiko mitologia bere-berea osatu zuen (Biblia eta Swedenborgen irakurketak inspiratua).