bizigai
iz. Janaria, hazkurria. Artoa baino bizikai gozoagorik ez da. || Bidez doanak, gudarosteak… daramatzan janariak. Armez eta bizikaiez hornitzeko || Bizia sortzeko gaia. ■ Munduko bizigaiak. Elikagai hornidura erabilgarriaren eta munduko biztanleriaren arteko erlazioa. ■ Oinarri historikoa. Gizakiaren historiaren ia % 99an, ehiztari eta janari biltzaile izan da gizakia. Inguruneak eskaintzen zion janaria, eta inguruneak berak mugatzen. Janari aukera oinarrizko elikagaiak asetzeko adinakoa izan zitekeen, baina janari kopuruan, berriz, alde handiak izaten ziren, eta ingurune jakin batek gizaki kopuru jakin bat baizik ez zezakeen ase. Historiaren gainerako % 1ean zehar, aldaketa kultural iraultzaileak eragin zituzten aldaketa dinamikoak gertatu ziren. Gizakiak familia gizarte talde txikietan antolatzearen abantailak ikusi zituen, gizabanakoak elkarrekin lanean hasi ziren, eta gizarte eta gobernu antolamenduaren oinarriak sortu ziren. Hala, gizakia bere ingurunea kontrolatzen hasi zen, eta horren ondorio nagusia, bizigaien hornidurari dagokionez, nekazaritza iraultza izan zen, duela 10.000 urte inguru gertatua. Milaka urteko epean, gizarte talde txiki batzuk, ehiztari eta biltzaile izateari utzita, elikagai ekoizle bihurtu ziren. Iraultza horrek hiru ezaugarri nagusi izan zituen hasieran: hautatutako landare eta animaliak etxekotzea, artzaintza eta bizitoki egonkor samarrak sortzea. Bizigai kopurua handitzearekin eta hobetzearekin goseak eta eritasunen ondorioz hiltzeak biztanle hazkundeari jartzen zizkion mugetatik libratu zuen gizakia. Biztanleriak, beraz, hazkunde bizkorra izan zuen, eta zibilizazio modernoaren bideari ekin zion. Aurrerabide kulturalaren bigarren bultzada nagusia zientzia eta industria iraultza izan zen, duela 400 bat urte hasia. Gizakiaren kontsumorako elikagaien eskaintza eta eskariari dagokienez, iraultza horiek ondorio izugarria izan zuten. Zientzia elikaduraren produkzioari aplikatzeak nekazaritza edo abeltzaintzako produzkioa handitzeko aukera ikusgarriak eskaini zituen. Oinarrizko medikuntza aurrerapenek osasun egoera hobetzea eta gizakien bizi itxaropena handitzea ekarri zuten; elikagai eskariak gora egin zuen. Ameriketako kolonizazioaren ondorioz landutako lur sailen eremua handitu zen, eta beste animalia eta landare batzuk etxekotu ziren. Energia iturri berrien ustiapena (erregai fosilak) garrantzi handikoa izan zen industriaren garapenean, eta lur sail gehiago sortzeko, ustiatzeko, elikagai kopuru handiak biltzeko eta munduko bazter guztietara garraiatzeko behar zen energia eskaini zuen. Denbora bitarte labur horretan, munduko elikagai baliabideak asko handitu ziren, eta biztanle kopurua are gehiago. Hala ere, azkar ikusi zen elikagai produkzioak ezingo ziola luzaro eutsi biztanle hazkunde neurrigabeari. Izan ere, biztanleria progresio geometrikoan hazten ari zen bitartean, janari bitartekoak progresio aritmetikoan ari ziren hazten. ■ Egungo egoera. Munduko bizigaiak elikagai produkzioaren eta munduko biztanleriaren arteko erlazio gisa definitzen dira, hasieran ikusi denez. Badira beste faktore batzuk, baina, gosearen eta elikadura urriaren zabaltasuna mugatzen dutenak. Horien artean aipagarriak dira, besteak beste, elikagaien eskaria, elikagai horien banaketa eta eskuragarritasuna, eta elikagaien galera edo alferrik galtzea. Elikagaien eskuragarritasuna mugatzen duen beste faktore bat laboreak eta barazkiak gizakiak elikatzeko ordez animaliak elikatzeko erabiltzea da. Osasunaren aurrerapenek heriotza tasa murriztu dute herrialde askotan; garatze bidean diren herrialde gehienetan, baina, ezer gutxi murriztu dute jaiotza tasa. Bi tasa horien arteko aldeak munduko biztanleriaren hazkunde ikaragarria sortu du: 1987an 5.000 milioi biztanleko muga gainditu zen. Biztanle horien guztien % 75 baino gehiago herrialde ez industrializatuetan bizi da. Zientzialariek pertsonentzako oinarrizko elikagaien dosiak zehaztu dituzte, egunero hartzeko. Herrialde aurreratuetan, gizakiak, batez beste, elikagai kopuru nahikoa eta gehiago hartzen du. Garatze bidean diren herrialdeetan, berriz, jendeak kaloria galera arinak ditu, eta behar baino proteina, mea eta bitamina gutxiago hartzen ditu. 1988 eta 1990 bitartean egin ziren ikerketen arabera, garatze bidean diren herrialdeetako biztanleen % 20k elikadura desegokia du. Elikagaien hornidura nekazaritzari eskainitako lur sailen eta gainalde banakoko etekinaren araberakoa da. Elikagai produkzioari eskainitako eremua handitu egin daiteke, baina horrelako proiektu baten bideragarritasun ekonomikoa zalantzazkoa da askotan. Hala ere, gainalde banakoko elikagai produkzioa handitzeko aukerak handiak dira, hala lurralde garatuetan nola garatze bidean direnetan, eta kontuan hartzeko moduko aurrerapenak lortu dira alor horretan. Munduko produkzioa % 2 handitu zen urtero 1981-1991 bitartean. Garatze bidean diren herrialdeen artean, elikagaien hazkunde tasa % 3,3koa izan zen, baina elikagai produkzioaren hazkunde hori ondoriozko biztanle hazkundeak indargabetu zuen. ■ Arazoari nola aurre egin. Batetik, eskaintza eta eskaria orekatu behar dira, eta, bestetik, berdintasun handiagoa lortu behar da, behartasuna murriztu, eta bizigaiak munduko bazter guztietara helduko direla ziurtatu. Egun munduko gizaki guztien kaloria premia asetzeko adina elikagai ekoizten da, baina banaketa ez da berdina ez zuzena. Banaketa arazoak konpontzerik balego, eta produkzioa biztanleriaren hazkundearen arabera handitzerik balego, arazoa konponduta legoke. Garrantzi handikoa da, halaber, jaiotza tasa murrizteko neurriak hartzea, batez ere garatze bidean diren herrialdeetan. Nekazaritzak eta abeltzaintzak eskaintzen dituzten elikagaien produkzioaren etekina handituko bada, gizakiak jarreraz aldatu beharko du ingurunearen aurrean. Argi eduki behar da Lurraren bizigai ahalmena mugatua dela eta ahalmen horri eusteko edo bultzatzeko neurriak hartu behar direla. Oro har, erabilgarri den energiaren % 10 baizik ez da kate trofikoaren maila batetik bestera igarotzen. Hala, gizakiak energia beretzeko, askoz eraginkorragoa da zuzenean landareak jatea, landareak jaten dituzten animaliak jatea baino. Nahiz eta herrialde askotan garrantzi handiagoa ematen zaion landare kontsumoari, herrialde aurreratuetan animalia jatorriko produktuak nagusitu dira beste guztien gainetik. Kontuan harturik animalia horiek alez bazkatzen direla, gizaki gehiago sartuko balitz elikadura katean belarjaleen mailaz behera, abere gutxiago bazkatu beharko litzatekeenez alez, energia bihurtzearen eraginkortasuna eta lur sailen hornidura ahalmena handiagoak lirateke. Hala ere, animaliek garrantzi handiko papera jokatzen dute gizakien bizigai horniduran, eta beharrezkoak dira epe luzeko elikagai hornidurazko prozesu guztietan. Lurrazaleko parte handiak larreak eta landu ezin daitezkeen eremuak dira. Lur sailen erabilera arrazionalak lurra bazka landarez eta laborez landuz kontserbatzea eta berreskuratzea eskatzen du. Larreetako eta lur sailetako bazka landareak, ale eta beste produktu batzuen hondarrekin batera, gizakiarentzat oinarrizko elikagai bihurtu behar dituzte animaliek. Haragiak, arrautzek eta esnetik eratorritako produktuek aminoazido funtsezkoak edo bitamina jakin batzuk dituzte, landareek batere edo oso gutxi dituztenak. Elikagai produkzioaren hazkunde handienak aurrerapen zientifiko eta teknologikoen ondorio izan dira, batez ere elikagaien kalitatearen, landare eta animalia genetikaren, izurrite eta eritasun kontrolaren eta ingurunearen aldaketaren alorretan. Herrialde garatuetan sekulako aurrerapenak lortu dira, eta horren ondorioz, garatze bidean diren zenbait herrialdetako bizigai hornidurak hazkunde handia izan du. ■ Jakitateen eskualdatzea. Prozedura eta programa zientifikoak garatze bidean diren herriei eskualdatzeak eta bertan abian jartzeak elikadura produkzioaren eraginkortasunaren hazkundeari buruzko arazo zailenetako bat du bere baitan. Norman E. Borlaug agronomoak programa zabala prestatu zuen eskualdatze hori gauzatzeko. Haren arabera, honako aldi hauek igaro behar dira eskualdatzerik gertatuko bada: 1) Lekuan lekuko landare, animalia eta produkzio teknikoak alde batera utzita, landare eta animalia mota berriak eta teknika berriak erabili. 2) Mota eta teknika berri horiek lekuan lekuko ingurune egoerara eta gizarte baldintzetara egokitu. 3) Epe luzean, lekuan lekuko gobernuek jakitate aplikatuen garapena bultzatu, janari horniduraren banatzailei eta ekoizleei egindako jakitate eskualdatze gisa. 4) Neurri horien aldeko aldaketak egin azpiegituretan (gobernu sistemak, legeak, hezkuntza, garraioa, garraiobideak, eta lurraren jabetza, esaterako, dira gizarte konplexu bateko azpiegiturako elementuak). Janari eskaintza-eskariari dagokionez, aldaketa instituzionalen helburu nagusiak biztanleria egonkortzea eta bizi kalitatea hobetzea dira. Herrialde garatuek nola garatze bidean direnek Borlaug programa aurrera eramateko neurriak hartu dituzte. Nazio Batuen babesaz, eskaintza/eskaria erlazioa modu errealista batean orekatzeko organizazioak sortu dira mundu osoan. Hartu beharreko neurriei buruzko gomendio zabalak argitaratu dira. Zientzialari eta ikasleen joan-etorri handia dago egun herrialde batzuetatik besteetara eta horrek asko lagundu du aurrerabide teknikoen trukea. Halaber, teknika berriak erakusteko eta frogatzeko zerbitzuak sortu dira. Programa horietan guztietan oinarrizko printzipio bat dago: ezagutza banatu herrialde edo eskualde bakoitzak irtenbide egokienak bilatzeko.