Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bizantzio

(Gr. Byzantion) Antzinako Traziako hiria. Iparraldean Urrezko Adarra deituak (Gr. Khrusokevas; turkieraz Haliç), ekialdean Bosforoak eta hegoaldean Marmara itsasoak bustitzen duten muinoan eraikia. Megara doriar hiriko kolonia, Kalzedoniaren aurrean eraiki zen K.a. VII. mendean (K.a. 667). K.a. 470-411 urteetan atenarrek eta K.a. 409an Alzibiadek hartu zuen. K.a. 358an burujabe bihurtu zen eta luze gabe itsasoko potentzia handia bilakatu zen. Filipo Mazedoniakoak setiatu zuen (K.a. 341 eta 339an) eta Septimio Severok suntsiarazi (K.a. 196). Constantino enperadoreak Erromatar Inperioko hiriburu bihurtu zuen 330. urtean eta Konstantinopla izena eman zion. Inperioa banatu ondoren, Konstantinopla Bizantzioko inperioko hiriburu bihurtu zen (395). Otomanoen inperioko hiriburua 1453an, Istanbul izenaz. ik. Konstantinopla, Istanbul.  v  Bizantzioko artea. Tradizio klasikoa da Bizantziako artearen oinarria. Konstantinopla sortu zen garaian (324-330), heleniar moldeak ziren nagusi Erromako inperioan. Bizantzioko Justiniano enperadorearen denboran (VI. m.) Bizantzioko artearen oinarriak finkatu zituen arte eskola berezi baten gunea bihurtu zen Konstantinopla. Arkitekturan, oin-planta biribila eta petxina gaineko kupula erabiltzen hasi ziren. Apainduretan, gai historikoak nagusitu zitzaizkien kristauei eta antzinako margolaritza molde soilen ordez mosaikoak erabiltzen zituzten. Hiru garai nagusi izan zituen inperioaren mugetatik kanporako lurraldeetara berehala zabaldu zen arte molde honek.  v  Justinianoren garaia (527-565). Justinianok bultzada handia eman zion Bizantzioko arteari, monumentu handiak eraikitzeko asmoei bide eman ondoren. Arte molde berria ekialdetik zetorren: artista eta marrazkilariak sartaldekoak ziren (Trallesko Artemio, Miletoko Isidoro), orobat marrazki motak, formak; baita erabiltzen hasi ziren apaindura teknikak ere (argi kontrasteak dituzten erliebeak eta mosaikoak eskulturen ordez). Garai honetako lan nagusiak: Santa Sofia eliza (532-537), Sergio eta Bako Santuak eta Apostolu Santuak, Konstantinoplan; San Vital eta San Apolinar Berria, Ravenan.  v  Apaindura joera berberak nabarmentzen dira arte txikietan: miniaturaz apaindutako eskuizkribuak, bolizko lanak eta metal preziatuzko eskulanak.  v  Mazedoniako garaia (867-1057). Garai honetako lan gehienak suntsituta daude. Arabiar eta eslaviarren aurkako gerrek ahuldu zuten Inperioa VII. eta VIII. mendeetan eta inperioarekin batera Bizantzioko artea ere bai. Erlijiozko artea, aldiz, sendotu egin zen hurrengo mendeetan. Tradizio klasikoa eta arabiar moldeak (Armenia eta Georgiakoak nahasian) hartu zituen oinarri garai honetako arteak.