Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

birziklatzea

iz. Ekol. Erabilitako produktuen gaiak berreskuratu eta berriro erabiltzean datzan prozesua. ■ Azken urteotan birziklatzeak garrantzi handia hartu du ingurumenaren politikan, hondakin solido eta arriskutsuak desagerrarazteak gero eta kostu handiagoak dituelako, baliabide naturalak gero eta urriagoak direlako eta lurraren, uraren eta airearen kutsadurak gero eta kezka handiago sortzen duelako. ■ Birziklatzeko bi modu daude: barne eta kanpo birziklatzea. Barne birziklatzea ekoizpen prozesuan prozesu horretako ekoizkinen hondakinak berriro erabiltzea da, eta asko erabiltzen da metalaren industrian esate baterako. Kanpo birziklatzea guztiz hondatuta edo zaharkituta gelditu den produktu baten gaiak berreskuratzea da. Egunkari zaharrak papera egiteko erabiltzea da kanpo birziklatzearen adibide bat. ■ Zenbait tokitan industriek beren hondakin urak araztu egin behar dituzte ibaira isuri baino lehen. Etxeetako hondakin urak ere araztegietara bidaltzen dira, eta han araztu, birziklatu eta ur hornidura sistemara isurtzen dira berriro. Lorezain askok sukaldeko hondakin organiko biodegradagarriak birziklatzen dituzte, hostoekin eta belarrarekin nahastu eta metak eginez. Horrela gai organikoa ez da usteltzen eta aldaketa biokimiko baten bidez lurrerako ongarri bihurtzen da. ■ Birziklatze programek arrakasta izan dezaten zenbait faktore dira beharrezko. Hondakin solidoek eragiten dituzten arazoen kontzientzia zabala egon behar da lehenik, eta birzikla daitezkeen gaiak biltzeko eta bereizteko metodo merke bat behar ere bai. Horrez gainera, birziklatutako gaiak erabiltzeko eta merkaturatzeko ahalmen ekonomikoa izan behar dute industriek. 1976an Estatu Batuetako Kongresuak Baliabideak Iraunarazteko eta Berreskuratzeko Legea onetsi zuen, eta hondakin solidoak berreskuratzeko planak antolatzera bultzatu zituen estatuak. Estatu askok udalei beren birziklatzeko ahaleginetan laguntzeko sail bereziak sortu zituzten. Zenbait tokitan kontsumitzaileei ontziak itzultzeko aukera eman zitzaien, erosterakoan berme gisa utzitako dirua berreskuratuz. ■ Estatu Batuetan 150 milioi tona hondakin solido baino gehiago sortzen da urtean. Pertsona bakoitzak egunean 1,4 kilotik gora hondakin sortzen du, beraz. Metropoliguneetan handiagoa izan ohi da egunean sortzen den hondakin solidoen kopurua. New York hiriko biztanleek, esate baterako, 26.000 tona hondakin solido botatzen dute egunean, hau da, ia 3,2 kilo biztanleko. Etxean egiten den birziklatzeak erabili eta botatzeko diren produktuekin izan ohi du zerikusia: enbalajeekin, botilekin eta etiketekin. Hondakin solidoak (papera, beira, aluminioa eta altzairua) zabortegietara botatzea gero eta garestiagoa da. Eta zabortegiak betetzen direnean, udal askok birziklatze programak antolatzen dituzte, beste zabortegi bat egitea baino merkeagoa delako. Beste batzuek, berriz, energia arazoak eta zaborrak botatzeko tokirik eza, biak batera konpontzen dituzte zaborrak energia bilakatuz. Hori pirolisiaren bidez lortzen da, hondakinak ia airerik gabe errez. Dena dela, alde batetik, pirolisiak zenbait gas, gai kimikoak eta energia (bero modura) berreskuratzeko aukera ematen du, baina bestetik, airea kutsatzen du.