Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

birika

iz. (Batez ere pl.). Uretan bizi ez diren ornodunen arnaste organoa, gehienetan bi errai berdinez osatua. || Birikia.  v  Birikak bigunak dira, belakiaren antzekoak; bular barrunbean egoten dira, gorputzaren albo banatan. Trakea, bronkioak, albeoloak eta odol hodiak dituzte osagai eta denek dute zeregina arnasketan. Gizonen birikek piramide itxura dute eta kanpoaldean arrakala handi antzekoak, ezkerreko birika bitan banatzen dutenak eta eskubikoa hirutan; badituzte axalagoko arrakalak ere zati txikiagoetan banatzen dituztenak. Birikek pleura dute inguruan; mintzezko poltsatxoa da pleura eta birika babesten du. Birikak dira arnasketa organoa; biriketan odola oxigenatzen da eta zain odolari arnasketaren bidez barneratutako oxigenoa ematen zaio.  v  Altzairuzko birika. Arnasketa arazoak dituztenei era artifizialean arnas hartzen laguntzeko erabiltzen den tresna, birika mekaniko ere deitua.  v  Birika aireztapena. Denbora epe jakin batean arnasketan biriketara sartzen eta haietatik irteten den aire kopurua. Tresna berezien bidez neurtzen da aire kopuruaren zenbatekoa; kopurua murriztea biriketako gaitzen bat dagoenaren adierazgarri izan daiteke.  v  Birika albeoloa. Bronkioetako adar txikien alboan izaten den gune txikia, belaki baten zuloen antzekoa.  v  Birika zaina. Biriketan garbitutako odola, oxigenoa duena, bihotzaren ezkerraldeko aurikulara eramaten duen hodia.  v  Birika bilbea. Biriketako ehunaren egitura osatzen duten zelulen edo zuntzen multzoa.  v  Birika arteria. Bihotzaren eskuinaldeko bentrikulutik biriketara oxigenorik gabeko odola eramaten duen hodia.  v  Birika abszesua. Biriketako ehunean sortzen den zorne poltsa, organismoaren babes mekanismoak ahultzen direnean agertu ohi dena. Batzuetan kutsatutako gaiak arnastean eratzen da baina beste eritasunen ondorioz ere sor daiteke (pneumonia denean adibidez).  v  Birika arteriaren estenosia. Birika balbularen estutzea, bihotzetik birika arteriara doan odolari pasatzen uzten ez diona. Kalteak sortzen dizkio bihotzaren eskuinaldeko bentrikuluan, lan handia egiten baitu estugunea zabaldu eta odola arteriara igaro dadin.  v  Birika enfisema. Birika albeoloen hantura.  v  Birika kongestioa. Biriketako odol hodietako hiperemia; isurkari gazurtsua darie.  v  Birika kolapsoa. Birikaren uzkurdura, aktiboa edo pasiboa izan daitekeena. Kolapso aktiboa bronkioetako birika albeoloetako airea bota eta aire gehiago iristen ez denean sortzen da; bronkioetako hoditxoak ixten direnean sortzen da (minbiziagatik, bronkioei darien gai bereziren batek sortutako oztopoarengatik, etab.). Kolapso pasiboa kanpoaldetiko zerbaitek birikak zapaltzen dituenean sortua da, biriketako pleuran isurkaria edo airea biltzen denean, etab.  v  Birika hiloa. Birikaren «atea», sarrera; birikaren barrenaldeko goitik behera dihoan pitzadura luze bat da. Gune horretan hainbat atal daude birikara sartzen edo birikatik irteten direnak (bronkioak, birika-arteria, birika zaina, etab.).  v  Birika pleura. Birika bakoitzak inguruan duen mintzaren bi ataletako bat, barnealdekoa.  v  Birika azinoa. Birika albeoloen multzoak osatutako egitura biribildu txikia. Egitura horien pareta mehetatik atmosferako airearen gasa sartzen da eta anhidrido karbonikoa ateratzen da.  v  Biriketako enbolia. Biriketako odol hodien hantura, zain sistema azalekoan tronboflebitisa edo gisako kalteak agertzen direnean sortu ohi dena.  v  Birika bidezko arnasketa. Lehorreko animalien arnasketa modua; oxigenoa airetik hartzen dute eta biriketan anhidrido karbonikoarekin trukatzen dute.  v  Birika dozimasia. Umekia bizirik jaio eta berehala hil den edo hilik jaio den jakiteko egiten den azterketa. Birika albeoloetan airerik sartu den aztertu behar da hori jakiteko; birikaren zati bat uretan murgiltzen da, urgainean geratzen bada, birikan airea dagoela esan nahi du eta hondoratu egiten bada berriz airerik ez dela sartu.  v  Birika gingila. Bronkio baten azken adartxoa bukatzen den atala.  v  Biriketako hipertentsioa. Biriketako odol hodietako odol tentsioa neurriz gaindikoa denean sortzen den gorabehera. Beste zenbait eritasun direnean ager daiteke.  v  Biriketako gammagrafia. Biriketako hainbat eritasunen diagnosia egiteko erabiltzen den erradio proba. Buztinez markaturiko albumina, kromoa edo teknezio erradioaktiboa erabiltzen dira; gai berezi horietako edozein biriketako kapilaretan geratzen dira eta biriketako zelula bereziak ikusteko aukera ematen du.