biotopo
iz. Biol. Ingurumen berezia duen lur esparrua, zenbait animalia eta landare mota hazteko egoera aproposa eskaintzen duena. || Geol. Estratigrafiak aztergai dituen lur geruzetan azaltzen diren fosilen bizi baldintzei ematen zaien izena. ■ Ezaugarri fisiko-kimiko eta klimatiko homogeneoak dituen ingurunea da biotopoa; ezaugarri horien araberakoa da horko izaki bizidunen izaera. Horrenbestez, ongi bereizitako animalia eta landare multzo baten (biozenosia) biltoki da biotopoa. Ekosistema deritzo, berriz, biotopo gehi biozenosi multzoari. Neurri askotakoak dira biotopoak: putzutxo baten adinakoak batzuk, oihan zabal baten adinakoak besteak, edo itsasoaren zati bat bezainbatekoak. Lurraren, edo uraren, eta klimaren egoerek eragin handia dute biotopoaren ezaugarrietan. Animalia guztiek, adibidez, ez dute tenperatura berbera behar izaten, edo ur kopuru bera; landarejale guztiek ez dituzte landare berberak jaten,eta landare guztiek ez dituzte ur, argi, elikagai… premia berberak izaten.