Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Biltzar

Antzinako Lapurdiko erakunde politiko nagusia, beste herrialde eta eskualdeetako Junta, Batzar edo Batzarren antzekoa. Biltzarrera biltzen ziren herri bakoitzean aukeraturiko auzapezak, eta haiek hautatzen zuten herrialdeko Sindiku Nagusia. Biltzarkideak Uztaritzen biltzen ziren, Sindikuak deitzen zienean eta tokian tokiko bilerak edo kapitalak egin ondoren. Herri bakoitzeko kapital hauetan etxeko jaunek edo etxe jabeek parte hartzen zuten. Jabea emakumezkoa bazen, kapitaletara haren senarra edo seme zaharrena joaten zen. Lapurdi Ingalaterrako eta Frantziako erregeen mende egon zenean (XIII. mendetik aurrera), bailea edo haren ordezkoa (lieutenant) izaten zen erregearen ordezkaria. Lapurdiko herri bakoitzak boto bat baizik ezin zezakeen eman, eta biztanle kopurua ez zen kontutan hartzen horretarako; auzapezak ezin zezakeen herri bakoitzean erabakitako botoa aldatu. Biltzarretan gai guztiak mahaira bazitezkeen ere, arlo militar osoa eta beste alderdi batzuk, administraziozkoak, nahiz juridikoak, erregearen ordezkariaren esku zeuden, nahiz erabaki guztiak bi aldeen adostasunez hartu behar ziren. Biltzarrenak ziren herri lurrak, oihanak, bideak, ehiza eta arrantza guztia. Eliz gaiak tratatzeko Baionako apezpikuarekin jartzen zen Sindikua harremanetan. Biltzarreko gai nagusia erregeari eman behar zitzaion diru kopuruaren zehaztapena eta zergen egokitzea izaten zen. Lapurdiko parrokia edo herri beregain guztiek zuten Biltzarrean parte hartzeko eskubidea. Baionak, ordea, ez zuen behin ere parte hartu. Azken Biltzarra 1789ko azaroaren 18an bildu zen, Uztaritzen. Auzapezez gainera, herrietako zinegotziek eta diputatuek ere parte hartu zuten biltzarrean. Assemblée Nationale delakoa onartzeaz batera, ordura arteko erakundeari eusteko eskaera egin zuten. Hori ez onartzera, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin batera eta departamendu bakar batean egon zedila Lapurdi eskatu zuten. Iraultzatik atera zen Frantziako aginte berriak ez zuen horrelakorik onartu eta Biltzarra deuseztatzeaz gainera Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak Biarnorekin elkartu zituen eta Basses-Pyrénées izeneko departamendua sortu zuen.