Bilal, Enki
Marrazkilari frantsesa, jatorriz jugoslaviarra (Belgrad, 1951). Hamar urte zituela iritsi zen Frantziara. 1972an debutatu zuen Pilote aldizkariko komikian. Han Pierre Christin gidoigilea ezagutu zuen. Elkarrekin hainbat kontakizun sortu zituzten, politika-fikziozkoak, besteak beste: Les Phalanges de l´ordre noir (1978-1979, Ordena beltzeko Falangeak), Partie de chasse (1981-1983, Ehizaldia). Enki Bilal-ek berak sortu zituen La Foire aux immortels (Hilezkorren feria) kontakizuneko gidoiak. Lan horretan XXI. mendeko Parisera iristen dira Egiptoko mitologiako jainkoak. Kontakizun horrek bi luzapen izan zituen, La Femme piège (1986, Emakume iruzurra) eta Froid Équateur (1992, Ekuatore hotza). 1998an Bilalek Le Sommeil du monstre (Munstroaren loa) trilogia hasi zuen, Sarajevoren bonbardaketaren oroitzapena batetik, eta, bestetik, erlijio integrismoen arteko elkartasunaren irudia hartzen duen totalitarismoa nahasten dituena. Komiki lanez gainera, hainbat liburutako azalak marraztu zituen, eta baita film iragarkiak ere (Alain Resnaisen Mon Oncle d´Amerique, Werner Herzog-en Pays où rêvent les fourmis vertes). Filmetarako dekorazioak ere egin zituen: Alain Resnaisen La vie est un roman (Bizitza eleberri bat da), Jean-Jacques Annauden Le nom de la rose (Arrosaren izena). Bi film zuzendu zituen: Bunker Palace Hotel (1989, Jean-Louis Trintignant eta Carole Bouquet-ekin batera) eta Tykho Moon (1997, Richard Bohringer eta Julie Delpy-rekin batera).