bihurgarritasun
iz. Ekon. Diru batek beste diru baten truke nahiz urrearen truke aldatzeko duen gaitasuna. Bihurgarritasuna beharrezkoa da nazioarteko ekonomiak eta merkataritzak ongi funtzionatuko badu. Bihurgarritasunari esker, izan ere, elkarrekin harreman komertzialak dituzten estatuek ez dute beren ordainketa balantzea orekatzeaz arduratu beharrik. Diruak bihurgarri izanik herri batek gainerako guztiekin dituen trukeen orekak axola du soilik. ■ Bihurgarritasuna asko erabiltzen da gaur egun. 1944-1958 bitartean, esate baterako, ez zen, ordea, horrela izan. 1958an herri industrializatu gehienek beren truke-erreserbak berreginik, beren diruaren kanporako bihurgarritasuna berriro finkatzeko gai izan ziren. ■ Bretton Woodseko konferentzian, 1944an, Trukerako Urre Patroia (Gold Exchange Standard, GES) finkatu zen. Estatu Batuek beren diruaren parekotasuna defenditzeko konpromisoa hartu zuten, diru merkatuetan esku hartuz, eta baita gainerako diruekiko bihurgarritasuna ziurtatzeko konpromisoa ere. Gainera dolarra urre bihurtzea ziurtatzeko erantzukizuna hartu zuen, metal horren ontzaren prezioa 35 dolarretan finkatuz. 1944an munduko urre erreserben % 75 zuten. 1971n eman zitzaion azkena sistema horri, estatubatuarrek dolarra urre bihurtzeko printzipioa bertan behera uztea erabaki baitzuten. Bretton Woodseko hitzarmenen arabera, estatu baten dirua beste estatu baten eskuetan baldin badago, lehendabizikoak berrerosi egin behar du, eta hiru aukera ditu horretarako: urretan, dolarretan edota dibisak dituen estatuaren dirutan.