Bich, Marcel
Frantses enpresa gizona (Turin, 1914 - 1994). Turinen, Madrilen eta Arcachonen egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ondoren Parisa joan zen matematika eta filosofia ikastera. Ondoren zuzenbidea ikasi zuen Parisko Unibertsitatean eta lan txikiak egiten hasi zen. Gerraren ondoren, estilografika fabrika bat erosi zuen adiskide batekin. Bolalumaren asmatzailearekin negoziazioak egin ondoren, formula hura hobetu eta Cristal luma ospetsua asmatu zuen: estalki bat, punta, hodi gardena, eta hori guztia 50 zentimogatik. 1953an egin zen produktu haren publizitate kanpaina, eta bota zitekeen kontzeptuan oinarritu zen. Izugarrizko arrakasta izan zuen. Bic izena jarri zioten, lantegiarena berarena, eta denbora gutxian izen hori arrunta bilakatu zen. Lehenengo urtean eguneko 10.000 bolaluma saldu ziren. Hasieratik bertatik bete zituen Bich-ek atzerriko merkatuak. Libra esterlinaren merkatura sartu nahian, Biro-Swan enpresa erosi zuen. 1958an Estatu Batuak konkistatzera joan ziren. Erabili eta botatzeko mezuaren bidetik produktu hauek asmatu zituen: pizgailua (1972), bizarra moztekoa, perfumea (1988). Azken gai horrek, ordea, ez zuen ia arrakastarik izan eta 1991n utzi behar izan zuen egitasmo hura. Baina hura ez zen Bich-en porrot bakarra: 1973an Dim kola etxea erosi zuen baina 1987an saldu egin behar izan zuen berriro; 1979an erositako Guy Laroche etxea ere saldu behar izan zuen. Baina ordurako bere lantegiak bazuen nahikoa baliabide aurrera ateratzeko.