Besikovitx, Abram Samoilovitx
Errusiar matematikaria (Berdyansk, Errusia, 1891 - Cambridge, Ingalaterra, 1970). San Petersburgon ikasi zuen Markoven zuzendaritzapean, eta analisiaren arloa landu zuen gehienbat; 1912an graduatu zen. 1917an matematika irakasle izendatu zuten Permen (gero Moskuko Unibertsitatea izango zena). Hurrengo urtean katedra bat lortu zuen San Petersburgon. 1924an Copenhagenera joan zen Rockefeller beka batekin, eta han Harald Bohr-ekin lan egin zuen. Oxforden egon ondoren, postu bat lortu zuen Liverpoolen, eta 1927an Cambridgera itzuli zen. 1950ean Littlewoodek utzitako Cambridgeko Rouse Ball matematika katedra eman zioten, eta postu hori bete zuen erretiratu zen arte (1958). Hala ere, erretiratu ondoren Estatu Batuetako unibertsitate askotan ibili zen; azkeneko urteak Cambridgeko Trinity Collegen eman zituen. Besikovitxek ekarpen ugari egin zituen geometria fraktalean. Hala ere, bere lanik garrantzitsuena funtzio ia-periodikoen azterketa izan zen. Lortutako emaitzak Almost periodic function (1932, Funtzio ia periodikoa) liburu eraginkorrean argitaratu zituen. Horrela, bere lorpenetako bat 1917az geroztik azalduta zegoen Kakeyaren problemaren ebazpena izan zen. Ohore ugari jaso zuen Besicovitxek: Cambridgeko Unibertsitatearen Adams saria funtzio ia-periodikoetan egindako lanari esker (1930), Errege Elkartearen Sylvester domina funtzioen teoria ikertzeagatik (1952), eta Londresko Elkarte Matematikoaren De Morgan domina (1950). Bestalde, 1934an Errege Elkarteko kide ere hautatu zuten.
- besarkatze
- besarte
- besatara
- besaulki
- besazpi
- Besikovitx, Abram Samoilovitx
- besikula
- besikulitis
- Beskoitze
- beso
- besoetako