bertsolaritza
iz. Euskal herri literaturaren adarra, bertsolariari eta bertsolaritzari dagokiona. v Manuel Lekuonak ipini zituen bertsolaritza ikertzeko oinarri zientifikoak, hura aztertzeko literatura idatzirako zeuden irizpideek ez zutela balio eta ahozko literaturaren barruan sartuta. Hari zor zaio Euskal Herrian orain betsolaritza begi onez ikustea ere, XIX. mendean eta XX.aren hasieran arlotetzat jotzen baitzen bertsolaria. Ahozko literaturaren atal denez, haren ezaugarriak ditu bertsolaritzak ere.
v Ezaugarri formalak. Neurria, doinua eta errima dira aipagarrienak. Bi lehenbizikoak lotu-lotu eginda daude, nolako doinua hartu halako neurria izango baitu bertsoak, baina neurri berean doinu bat baino gehiago ere aukera daitezke. Doinu eta neurri bakoitza gainera lan baterako edo besterako aproposagoa izan ohi da (neurri txikiak eta motzak, batez ere, narraziorako, zirikatzeko, eta teman aritzeko; neurri handi eta luzeak, berriz, lirikarako eta gai serioetarako). 1. Bertsolaritzan sei neurri mota dira erabilienak: hamarreko handia (bost errimaduna, 10/8 neurriko hamar lerrok osatua), hamarreko txikia (7/6 neurrikoak), zortziko handia (lau errimaduna, neurri handikoa), zortziko txikia, (lau errima eta neurri txikikoa) bederatzi puntukoa (bederatzi errima eta 7/6 neurriko 12 lerro eta 4.a eta 14.a 5 silabakoak) eta bereziak (bost puntutik gorakoak eta neurri bat baino gehiagokoak); horiez gain koplak ere erabiltzen dituzte bertsolariek. 2. Doinuak ere dozena erditik gora ez ziren erabiltzen joan den mendearen erdi aldera arte, baina azken urteetan erruz ugaritu dira eta berriak eta lehengoen aldaerak sortu ere bai; aukera zabala izateak bidea errazten die maiz bertsolariei, gaien araberako doinua erabiltzeko eta aspergarri ez bihurtzeko ere bai. Doinuen hiru ezaugarri aipatu beharrekoak dira: tonu minorrekoak ugariago izatea, melodikoak izatea eta silaba bakoitzari nota bakarra egokitzea. 3. Errima atzetik aurrera ahalik eta hots gehien parekoak edo paretsukoak izatean datza, baina hitzak ezin dira errepikatu (poto egin nahi ez bada behintzat, eta hori oso txartzat jotzen da, hegoaldeko tradizioan batik bat).
v Bertsolaritza erak. Lau eratan neurtu izan dira bertsolariak: desafioak, plazako saioak, lore jokoak eta txapelketak. 1. Desafioetan bi bertsolari edo bi bikote aritzen ziren aurrez aurre, bi orduz edo, aurretik ezer erabaki gabe (ez gai, ez neurri eta ez doinu), dirua jokoan jarrita eta hiru epaimahaikoren aurrean. 2. Plazako saioak beti izan dira nagusi, baita orain ere; jokoa edo neurketa baino areago tarte atsegina pasatzeko modua dira. Bi bertsolari, lau, sei edo zortzi izaten dira gehienetan, gai librean batzuetan eta gai jartzailearen esanetara bestetan. 3. Lore jokoak Iparraldean hasi ziren egiten, A. d’Abbadieren eskutik, baina azkenekoak Hegoaldean egin zituzten, Bizkaia eta Gipizkoako herri nagusietan; bertsolarien bat-bateko saioek beti izan zuten euren lekua lore joko horietan eta Pello Errota eta Txirrita izan ohi ziren bertsolaririk gogokoenak. 4. Txapelketak, azkenik, berriagoak dira (1935ekoa aurrenekoa) eta aldaketa handia ekarri diote bertsolaritzari.
v Bertsolaritza motak. Orain arte ahozko izatea aipatu dugu bertsolaritzaren ezaugarri nagusitzat, baina bada bertsoak idatzita egiteko ohitura ere, bertso jarriak edo bertso paperak alegia. Idatziak diren arren ez dira, ordea, literatura kultoaren barruan sartzen, herri literaturan baizik; izan ere, bertso jartzailea ez zen eskolatua eta berak buruz asmatuta zeuzkanak idatzarazten zizkion beste norbaiti paperean. Bertsolari askoren berri jaso dugu jartzaile ere baziren aldetik: Xenpelar, Etxahun, Udarregi, Bilintx, Pello Errota eta Xalbador, Basarri eta Amuriza bera ere bai. Herriz herri zabaldutako bertso paperei esker gorde dira gaur egun arte bertso zahar asko eta asko. Azkenik, bertsolaritzaren barruan aipatu beharreko beste mota bat kopla zaharrak dira; batzuen iritziz bertsolaritzaren barruan daude bete betean, baina bada hortik kanpo uzten dituenik ere, ez baitira erabat bat-batekoak. Kopla zaharrak bi edo hiru errimako bertso laburrak dira, musika tresnaren batek lagunduta kantatzekoak eta dantzan egitekoak ere bai askotan; gainera, ez dute bertsoak bezalako loturarik puntuen artean, esanari dagokionez behintzat, eta errima eta doinuei esker dute batasuna.
v Bertsolaritzaren historia. Bost bertsolari handi ardatz hartuta, haien inguruan egin daiteke historiaren banaketa. 1. Fernando Amezketarraren garaia da aurrenekoa; harekin batera, Zabala, Txabalategi, Altamira, Izuelako artzaina eta Bordel dira aipagarrienak. Bertsolari eskolagabeak ziren garai hartan ia denak, baserri giroko herri txikietakoak, bat-batean aritzen ziren eta, batez ere, sagardotegietan, desafioak eta abar egiten zituzten arren. 2. Xenpelar errenteriarrak eman dio izena bigarren garaiari; ordukoak dira, besteak beste, Iparragirre, Bilintx, Etxahun eta Otxalde. Eskolagabeak ziren bertsolari haiek ere, baina euskal gizarteak karlistaden eragin bizia jaso zuen; industria, trena eta abar ere sartu ziren eta baserri giroa alde batera edo uzten hasi. Garai hura da bertso paperen benetako aroa, eta bat-bateko bertsolaritzak ere hobera egin zuen: beste gai batzuk erabili, doinu berriak, errima aberastasuna, etab. 3. Pello Errota, Txirrita edo P. M. Otaño, hirurak ere izan daitezke hirugarren garaiaren ardatz, baina horien pareko dira beste bertsolari batzuk ere: Udarregi, K. Enbeita, B. Otaño, Saiburu, Senpereko Mattin, Txapel, Zepai, etab. Industriarekin batera, abertzaletasunaren sorrerak ere izan zuen eragina garaiko bertsolaritzan (gaietan batik bat), baina, Aranaren inguruko garbizaletasunak eraginda edo, “ohiko bertsolaritza” baztertuxe geratu zen eta olerkari izaten saiatu zenik ere bada; dena dela, bertsolari gehienek lehengoari eutsi zioten eta, aldaketaren bat aipatzekotan, sagardotegietatik atera eta plaza eta leku itxietako saioak ugaritu egin zirela esan behar da. 4. Uztapide eta Basarri har daitezke laugarren garaiari izena emateko; ezin dira gutxietsi, ordea, Xalbador, B. Enbeita, Mattin, Lasarte, Lazkao Txiki, J. Lizaso, Agirre, Garmendia edo Lazkano, besteak beste. Oro har, garai horretako bertsolariak ikasiagoak dira ordura arteko gehienak baino; txapelketak egiten hasteak oso goi mailara eraman zuen gainera bertsolaritza, komunikabideetan ere lekua hartzen hasi zen, eta sagardotegietatik erabat kanpora irten zen. 5. Zailagoa da, behar bada, azken garaiaren ardatz izateko moduko bertsolari bat edo bi aukeratzen, ugari baitira eta onak oso; izen batzuk aipatzekotan ezin ahaztu Lopategi, Azpillaga, J. Enbeita, Amuriza, S. Lizaso, Mañukorta, Peñagarikano, Egaña, Murua, Euskitze, Sarasua, Mendizabal, Alkat, Mendiburu… Bosgarren aldi hau, zapalkuntza giroan hasi zen eta gai sozio-politikoak erruz erabili ziren; 1967ko txapelketaren ondorengo ixilaldiaren ostean, ordea, indar handia hartu du bertsolaritzak, erabat kale giroan murgildu da, bertsolari kaletarrak ere ugaritu egin dira, eskola eta unibertsitateetara ere iritsi da, etab.
- bertsio
- bertso
- bertsogile
- bertsogintza
- bertsolari
- bertsolaritza
- bertsopaper
- bertsozale
- bertsu
- Bertumno
- bertute