Bertizarana
Nafarroako ipar-mendebaleko harana eta udalerria (Iruñeko merindadea). Legasa, Narbarte –herriburua– eta Oieregi kontzejuek osatzen dute udalerria. Mugak: ipar eta ekialdean Baztan, mendebalean Sunbilla, Doneztebe eta Donamaria, eta hegoaldean Donamaria eta Baztan. Altuera 129 m. 37,81 km2. 1998ko datuen arabera, 673 biztanle ditu (bertizarandarrak). Auzoak: Bertizko jauretxea, Legasa, Narbarte (Herriburua), Oieregi, Zeberia, Santalokadia, Tipulatze eta Erreparatzea. Bidasoa ibaiak zeharkatzen du udalerria. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak % 85. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Langile gehienak inguruko herrietako industrietara joaten dira. Hala eta guztiz ere, nekazaritza nahiz abeltzaintza eta baso ustiatzea ez dira bazterrera utzi haran honetan.