Bernini, Gian Lorenzo
Eskultore, arkitekto eta margolari italiarra (Napoli, 1598 - Erroma, 1680). Haurra zelarik, haren familia Erromara aldatu zen eta han igaro zuen bere bizitzako parterik handiena. Haren aita, Pietro Bernini, eskultorea zen eta berarekin ikasi zituen artearen hasi-masiak. 1615 eta 1624 bitartean busto eta talde-eskulturak egin zituen Scipione Borghese kardinalaren aginduz (Santoni apezpikua, Amaltea ahuntza). 1623an Urbano VIII.ak bere zerbitzurako hartu zuen arkitekto-eskultore gisa. Hein handi batean, Berniniren lan askotarikoek eman diote aita santuen Erromari bere itxura barrokoa. Garrantzizko lehen arkitektura lana San Pedroko baldakinoa izan zen (1624), Erromako barrokoaren benetako agerpidea. Gero beste zenbait lan egin zuen Vaticanoko basilikan: San Pedroren katedra (1657-1666), scala regia delakoa (1664-1666) eta, batez ere, San Pedro plazako arkupea (1656-1665), Bernini arkitektoaren lan nagusia dena eta inguruko eraikuntzekiko espazio eta masa arazoak zehazki aztertuak ageri dituena. Inozentzio X.aren garaian denbora labur batez (1644-1646) bazterturik egon bazen ere, gerora galdutako faborea beretu zuen berriro eta eraikuntza berriak eta apainketa lanak egiteko mandatuak etengabe jaso zituen: Lau ibaietako iturria (1648-1651), Piazza Navonan; Montecitorio jauregia (1650); Quirinaleko San Andres eliza (1658); Castelgandolfoko eliza txikia (1658-1661); Jasokunde eliza (1662-1664), Chigi-tarren jauregian, Ariccian. Berniniren arkitekturak ospe handia bildu zuen bere garaikideen artean, nahiz eta barrokoaren arkitektura adierazkera berriari dagokionez, haren ekarria aski mugatua den. v Eskulturaren alorra da Berniniren produkzioaren alderik nabarmenena. Trebetasun tekniko aparta erakusten du gaiak erabiltzerakoan (oihala, haragia, ilea…). Bestalde, konposizioan ikuspuntu bakarra agertzen badute ere, haren lanak irekiak dira, mugimenduaren bizitasuna edo keinuaren tentsioa ematen dutenak. Gaztetako lanen arteko zenbait: David (1623); Pluton eta Proserpina (1621-1623); Apolo eta Dafne (1622-1624). Geroago onduriko eskulturetan oparotasuna nabarmentzen da: Bertutea, Zuzentasuna eta Karitatea, Urbano VIII.aren mausoleoan; Egia (1642-1652). Santa Teresaren extasia (1644-1652) multzoan mistikazko besterentzearen antzezpen teatrala azaltzen da; Constantino zaldi gainean (1654-1670) barrokoaren zaldi eskulturarik onenetakoa da. Ludovica Albertoni dohatsua-ren eskulturan (1674) Berniniren espresionismoak mailarik gorena iristen du. Gainera, bere garaiko pertsonaia askoren busto-erretratuak egin zituen: aita santuak (Paulo V.a, Gregorio XV.a, Urbano VIII.a, Inozentzio X.a); kardinalak (De Sourdis, Scipione, Borghese); erregeak (Ingalaterrako Karlos I.a, Frantziako Luis XIV.a), etab. Pintore gisa nabarmentzekoak dira: San Andres eta Santo Tomas (1627), David (1631) eta autoerretratu saila.
- Bernedo
- bernerita
- Berners-Lee, Tim
- bernezur*
- Bernhardt, Sara
- Bernini, Gian Lorenzo
- berniz
- bernizadura
- bernizatu, berniza, bernizatzen
- bernizatze
- berno