Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

beira 1

iz. Gai gogorra, hauskorra eta gardena, silize hareaz eta potasa edo sodaz osatutako nahastura bat urtuz lortzen dena, berina.  v  Beiragintza. Beira egiteko erabiltzen diren osagaiak nahastu eta 1.500° C inguruan berotuta isurkari antzeko orea lortzen da, baina hoztutakoan halako likatasuna hartzen du, eta edozein gauzatarako erabiltzeko malgutasun-zurruntasun puntu egokia. Orea urtu ondoren arragotu egiten da, burbuilak kentzeko, eta gero aroa eman edo gozatu egiten da, artean malgu dela tenperatura egokia har dezan lantzeko. Urtu, arragotu eta aroa eman, hirurak arragoa edo galdaratan egiten dira (beiragintza etena); etenik gabeko beiragintzan upel labeak erabiltzen dira. Hozterakoan sor daitezkeen tenkadura gorabeherak direla eta, hauskorregia izan ez dadin, berotu egiten da orea berriz ere. Industrian, beira laua eta barren hutsekoa bereizten dira; aurreneko sailean, leiho, kotxe eta abarretako beirak sartzen dira, eta besteen artean, berriz, edontziak, botilak, tutuak, adreiluak eta antzekoak. Beira nola egin den eta zertarako den, hala egongo da osatua; kotxeetako beirak, esaterako, % 72 silize du, % 12,5 sosa eta % 11,5 kare, eta botiletakoak, % 70 silize, % 14,5 sosa eta % 9,0 kare. Gaur egun beira optikoa ere egiten da, batez ere flint-glass eta crown-glass motak, arragoa bakarra duen labean, eta bertan egoten da beira hoztu arte.  v  Historia. Beiraren jatorriari buruzko datu zehatzik ez dago. K. a. 1500. urtean beiraren langintza oso garrantzitsua izan zen Egipton. Garai hartan Ekialde Urrunean eta Indian ere lantzen zen. Antzinako Erroman beirazko ontziak eta beira lau txikiak egiten zituzten. Kolorezko beirak XI. mendean asmatu ziren. Veneziako Erdi Aroko beira edertasun handikoa izan zen. Errenazimentu hasieran apaingarri gisa erabiltzen zen batez ere, ispiluetan, leihoetan, etab. Beira landua XVII. mendean sortu zen; Bohemian lan ikusgarriak egin ziren alor horretan. XIX. mendeaz geroztik aurrerapen ugari egin dira; gaur egun beira gauza askotarako erabiltzen da, bai etxeetan, eraikuntzan, industrian… Azken urteotan garrantzi handiko aurkikuntzak egin dira beiraren inguruan: peirax beira, segurtasun beirak, beira izpiak…  v  Beira belar. Beiraki belarra.