Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Behobia

(Eusk. Pausua) Bidasoa ibaiaren bi aldeetan, Lapurdin eta Gipuzkoan, zabaltzen den gunea, egungo Frantziaren eta Espainiako Estatuen arteko mugan dagoena (nazioarteko zubiak). 3.000 biztanle inguru, Gipuzkoa aldean gehienak (pausuarrak). Lapurdi aldeko Behobia, Hendaia eta Biriatu artean, Urruñako auzoa da, eta Gipuzkoa aldeko Behobia Irungo hiriak jatorrian izan zituen lau auzo nagusietako bat da. Gipuzkoako Behobia muga eta nazioarteko garraioen zerbitzugunea da gaur egun. Nekazaritzak eta ibai arrantzak ez dute inolaz ere garai bateko garrantzirik gaur egun. Lapurdi aldeko Behobia mugaren ondoan sorturiko herrigune txiki bat da, dendaz josita dagoena.  v  Historia. Antzinako Beherobia, Behobia izan da betidanik Bidasoa ibaiak duen ibi edo pausu erosoena eta erabiliena. 1514. urtean, Fernando Katolikoa Gaztelako erregeak gaztelu bat eraikiarazi zuen bertan (Gaztelu Zahar), Frantziaren eta Espainiaren arteko mugak zainduz gainera, burujabetza galdu berri zuten nafarrei erresuma zaharrerako bidea eragoztearren. 1522. urtean, Nafarroako erregearen alde ari ziren Frantziako eta Alemaniako gudarosteak zapuztu zituzten gipuzkoarrek Behobiako Aldabe mendian (San Martzial mendia gerora). Behobiako eremuan dago Faisaien Uhartea edo Konferentziako Uharte ospetsua, Frantziako eta Espainiako koroek Pirinioetako Bake Ituna izenpetu zuten lekua (1659). Frantziako Iraultzaren ondoren (1789), aduanak ezarri ziren Lapurdiko Behobian. Espainiako koroak berebat egin zuen 1841. urtean, Lehen Karlistadaren ondorioz. Behobia izan zen Frantziako Konbentzioko gudarosteen egoitza (1794) eta bertako San Martzial mendian izan zuten Napoleonen soldaduek azken zafraldia, Wellington jeneral ingelesaren osteen eskutik, Iberiako Penintsula utzi baino lehen. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mende hasieran, Behobiako mugak galdu egin zuen ordura arte izandako garrantzia, Bidasoaldeko erriberak bete ondoren, Irun eta Hendaia lotzen dituzten nazioarteko zubiak (errepidea eta trenbideak) egin eta gero. 1936ko Gerra Zibilaren hasieran (uztailak 18 - irailak 4), gudu latzak izan ziren Behobian.