Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

behe-nafarrera

iz. Nafarroa Beherean eta inguruko beste eskualde batzuetan hitz egiten den euskalkia, euskarak dituen dialektoetan nagusietako bat. Behe-nafarreraz mintzo diren herrialde eta eskualdeak: Nafarroa Beherea (Luzaide barne), Lapurdiko ipar-ekialdea (Ezpeleta, Hazparne, Uztaritze, Mugerre eta Beraskoitze herriak), Zuberoako ipar-mendebala (Domintxine-Berrueta, Ithorrotze, Lohitzun eta Olhaibi herriak) eta Nafarroa Garaiko Aezkoa eta Zaraitzu haranak. Azken bi haran hauetan euskara galtzear dago, Nafarroa Behereko iparraldeko herri batzuk elebidunak (Bastida, euskara-gaskoia) eta beste batzuk erdaldunak (Bidaxune, Akamarre) dira aspaldidanik. Bi azpi-euskalki nagusi bereizi dituzte hizkuntzalariek behe-nafarreran: ekialdeko behe-nafarrera (Nafarroa Beherea, Baigorri eta Orzaize izan ezik; Zuberoako behe-nafarrera, Lapurdiko iparraldea [Mugerre-Beskoitze] eta zaraitzuera) eta mendebaleko behe-nafarrera, lapurteratik hurbilago dagoena (Baigorri, Orzaize, Aezkoa eta Lapurdiko erdi- eta hego-ekialdea). Behe-nafarreraz idatzi zuen Bernat Detxepare Garazikoak euskaraz inprimatu zen lehen liburua (Linguae Vasconum Primitiae, 1545).  v  Euskalki bizia eta aberatsa delarik, behe-nafarreraz idatziriko euskal literatura ez da baztertzekoa, nahiz lapurtera klasikoaren ospea jaso ez duen. Behe-nafarreraz idatzi dute, Detxepare Garazikoak, Hiriart-Urruty hazpandarrak, Jean Etxepare medikuak, Manezaundi luzaidarrak, J. B. Etxeberry donostiriarrak eta beste idazle ugarik. Behe-nafarrera egungo euskalki nagusi eta zabalduena da Ipar Euskal Herrian. Zuberera betiere bazter geratzen zelarik, Luhuson sorturiko Pierre Lafitte apaiz lapurtarrak navarro-labourdin litteraire delakoa proposatu zuen Ipar Euskal Herriko literatura hizkuntza bezala, behe-nafarreran oinarritua (Grammaire Basque, Baiona 1944).