bazterketa
iz. Baztertzea. v Bazterketa soziala. Gizabanako edo talde bat baztertua eta bakartua egotea gizarte sistema baten barruan, gizarteko gainerako kideen pribilegioez baliatzeko aukerarik gabe. Estatubatuar soziologo Robert Ezra Parkek bi kulturetan parte hartzeagatik –baina bietan erdizka, ez batean ez bestean erabat parte hartu gabe– nahasmendu psikikoa eta soziala pairatzen duten gizabanakoak edo taldeak definitzeko erabili zuen lehen aldiz hitz hau. Baztertua dago, adibidez, bizimodu parte-hartzaile batean esku hartzen ez duena, bere bizitza harremanetan "ondoeza" pilatu duelako. Talde baztertuak ugari dira: eskaleak, prostitutak, drogazaleak, gaizkileak edo elbarriak. Aditu batzuek gizabanakoaren portaeraren eta gizarte jakin batean nagusi diren arau eta balioen arteko tirabirak sortzen duen desbideratze sozialarekin lotzen dute baztertze soziala. Nolanahi ere, desbideratze sozialean ondoezaren arrazoia gizabanakoaren portaerari egozten zaio, eta gizarte bazterketaren kasuan, berriz, gizarteari berari. Orobat, txirotasunarekin lotuta egon daiteke. Ikuspegi liberalaren arabera, baztertzea abagune jakin batean gertatzen da eta banakoari dagokio; baztertua, gizartera egokitu ez den eta gaitasunik eta prestakuntzarik ez duen banakoa da. Ikuspegi sozialdemokrataren arabera, egiturazko ondorio bat da, gizabanakoak eta taldeak erasaten dituena, eta baztertuak ekonomia krisien, pribatizazioaren, estatuaren axolagabekeriaren eta gizarte gastuen murrizketaren biktima dira.