Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Batzar Nagusiak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru erakunde gorenak. Molde bereko erakundeak ziren Lapurdiko Biltzarra, Zuberoako Estatu Nagusiak eta Nafarroako Gorteak. Lehenagokoak ziren arren, haiei buruzko lehenengo albisteak XIII. mende erdialdetik aurrerakoak dira (Arriaga, Araba, 1258). Batzar hauetara joaten ziren herrietako ordezkariak, handikiak eta apaiz nagusiak eta, gobernu agintariak aukeratzeaz gainera, bertan hartzen ziren herrialdeari zegozkion erabaki nagusiak. Hasieran batzarkideak maiz biltzen baziren ere, batzarrak epe luzeagotan hasi ziren egiten, erregeen ordezkariek, batzar bereziek eta diputazioek gero eta ahalmen gehiago zuten heinean. Arabako hermandadeak, esaterako, bitan biltzen ziren, maiatzean ageriko lurretan («tierras esparsas») eta azaroan Gasteizen. 1472. urtean, bi urtean behin biltzea erabaki zen Gipuzkoan, eta urtean behin biltzen ziren 1677tik aurrera. Bizkaian urtean bitan biltzen ziren 1610ra arte. Urte hartatik aurrera bi urtean behin gutxienez biltzea erabaki zen. Behar izanez gero, hiru lurraldeetan egiten zituzten Batzar Bereziak. Adin nagusia izanez gainera, batzarkideek irakurtzen eta idazten eta gaztelaniaz hizketan jakin behar zuen (XVII. mendetik aurrera Bizkaian); ordezkaritza demokratikoa arras murrizten zuen neurri honek. Emakumeak erakunde hauetatik at geratu ziren, nahiz euskal zuzenbideak espreski baztertu ez.
 v  Araba. Arabako ordezkariak Arriagako Lakuara biltzen ziren. 1034. urtetik aurrera Arriagako Kofradiak aukeratzen zuen jaun nagusi Nafarroako erregea ala Gaztelakoa. Lurralde hau Gaztelako koroapean gelditu zelarik, herrialdeko hermandadeak biltzen zituen Arriagako Kofradiaren eta erregeen arteko tirabirak sortu ziren, hauek aldiro eta herri gehiago eskatu baitzituzten berentzat, Gasteiz eta Trebiñuz gainera. 1332. urtean desagertu zen Gaztelako erregeekin onik izan ez zuen Arriagako Kofradia eta handik aurrera hasi ziren biltzen Hermandadeetako ordezkariek, hirietako eta hergoienetako bi idazkariek eta Diputatu Nagusiak osaturiko Batzar Nagusiak. Hermandadeen artean, nagusi ziren Gasteiz, Agurain, Aiara eta Guardiakoak. Batzar Nagusiei zegozkien herrialdeko karguak hautatzea (Diputatua, Batzar Berezia, Tenientea, Kontulariak, lurraldeko nagusiak…) eta aurrekontuak onartzea. Batzar Nagusien kargu zeuden osasuna, polizia eta segurtasuna, artxiboak, ehiza eta arrantza, hezkuntza, mendiak eta laborantza lurrak, bideak eta zubiak, nekazaritza eta merkataritza… Batzar Nagusietan epaitzen ziren Diputatu Nagusien eginak, babesten ziren Foruak eta bultzatzen zen lurraldeko Gobernua. Bertan hartutako erabakiak herrialdeko biztanle guztiak behartzen zituen. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala foru pasea erabil zezaketen Arabako Batzar Nagusiek erregearen zernahi aginduren aurrean.            
 v  Bizkaia. Bizkaiko Batzar Nagusietara biltzen ziren herrialdeko 72 elizateetako eta, XVI. mendetik aurrera, hiri eta hiribilduetako ordezkariak. Enkarterriko eta Durangaldeko ordezkariek berei zegozkien gaiak eztabaidatzen zirenean baizik ez agertzeko eskubidea zuten. Hirietako eta Enkarterriko nahiz Durangaldeko ordezkariek ez zuten gobernua aukeratzeko eskubiderik. XV. mendetik aurrera, batzarkideak Gernikan biltzen ziren, Arbolaren ondoan hasieran eta Antiguako Andra Mari elizan, egungo Juntetxea dagoen tokian, gerora. Batzar Nagusiei zegokien lurraldeko Gobernua aukeratzea eta administrazioa kudeatzea. Bizkaiko Batzar Nagusiek ez zuten, Araba eta Gipuzkoakoek ez bezala, ahalmen zuzenik epaiketa arazoetan. Jaurerriko Gobernu erakundeak (Errejimentua eta Diputazioa) osatzeko hautaketan, bi alderdietan banatzen ziren Batzar Nagusiak; oñaztarrek eta ganboarrek nork bere ordezkariak hautatzen zituzten. XVIII. mendetik aurrera, Errejimentuak edota Diputazioak hartu zuten Batzar Nagusietako zuzendaritza.  v  Gipuzkoa. Gipuzkoako Batzar Nagusietara biltzen ziren herrialde osoko herrietako ordezkariak. Ordezkari kopurua udal bakoitzak zituen suen (foguera) araberakoa zen. 1472. urtean finkatu zen Gipuzkoako hiribilduen kopurua, 18 udal denetara. Aurrerantzean, udal berriak sortu ahala, kopuru horiek emendatu egiten zituzten. Bilkurak 18 herri horietako bakoitzean egiten ziren, txandaka. Bizkaian bezala, batzarkideek ezin zuten korrejidorearen taldekoak izan, eta bestelako kargu politikorik ezin zuten izan. 1852. urtera arte, abokatuak ere honetarako eskubiderik gabe zeuden. Batzarretako buru jarduten zuten korrejidoreak eta bilkura tokiko alkateak. Batzar Nagusien kargu zegoen herrialdeko gobernua, aurrekontuak nahiz gastuak onartzen zituzten eta Foruen babesaz arduratzen ziren. Honez gainera, administrazio, epaiketa eta politika ahalmenak zituzten eta erregearen aginduen aurrean foru pasea erabil zezaketen. Frantzia eta Espainia arteko mugako herrialdea zen aldetik, Gipuzkoak herrialdetik kanpoko salgaien trafikoaz arduratzen zen Saka Alkatea hautatzeko eskubidea zuen (1479tik aurrera).           
 v  Batzar Nagusien amaiera eta egungo egoera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foruak indarrik gabe utzi zituen 1876ko uztailaren 21eko dekretuarekin batera desagertu ziren Batzar Nagusiak; era horretan amaitu zen aurretik abiarazitako prozesua. Borboiak Espainiako koroaz jabetu zirenetik (Filipe IV.a, 1700), Foruen eta Batzar Nagusien aurkako saioak etengabeak izan ziren. Bergarako Besarkadaren ondoren, 1841eko dekretu batek baliorik gabe utzi zuen Batzar Nagusiek errege agintearen aurrean zuten armarik zorrotzena, foru pasea, eta handik aurrera euskal erakundeen aurkako jokaera nagusitu zen. 1909-1923 urteen bitartean, Arabak berreskuratu zituen Batzar Nagusiak baina inolako ahalmen politikorik gabe. 1977ko ekainaren 2an onartu zitzaizkien berriz foruak, baina ondoko autonomiak forma hutsean utzi zituen erabaki haiek, 1979tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu zen bezala. Gaur egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen dituen Autonomi Elkartea nagusi, Batzar Nagusiek tokian tokiko Diputazioaren kudeaketa onartzen nahiz gaitzesten duen erakundea osatzen dute, garai batean izan zituzten epaiketa eta politika ahalmenik gabe hala ere.