Baselitz, Georg
(Jaiotza izena, Georg Kern). Margolari alemaniarra (Deutschbaselitz, Saxonia, 1938). Sortaldeko Berlingo Kunstakademie arte eskolan ikasi zuen hasieran. 1956an sartaldeko Berlinera aldatu zen, eta Arte Ederretako Akademian ikasi zuen. 1961ean eta 1962an Pandämonium izeneko agiri bi argitaratu zituen, bere jarrera artistiko eta literarioa azalduz. Sari ugari jaso ditu eta pinturako katedraduna izan da Karlsruheko eta Berlingo unibertsitateetan. Margolanez gainera, kalitate handiko grabatuak eta zurezko eskulturak ere egin ditu. Baselitz bere garaiko artista alemaniar garrantzitsuenetako bat da, eta berebiziko eragina izan du 1970eko eta 1980ko hamarraldietan Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan sortu ziren artista figuratibo berriengan. Obra nagusiak: Heroiak, Matxinoak eta Artzainak (1960ko hamarraldia), Adiskide handiak (1965), Poeta margolan sorta (1965) eta Sudur gorria (1987). Baselitzek oso estilo berezia du: jiraturik, zatikaturik, buruz behera edo nonahi sakabanaturik margotzen ditu bere koadroetako irudiak, haien ezaugarri formalak nabarmentzeko.