Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barbara

(Jaiotza izena, Monique Serf). Frantses kantugile eta abeslaria (Paris, 1930 - Neully, 1997). Hasieran, Belgikako eta Frantziako kabaretetan aritu zen. Pianoa jotzen zuen, eta Brassens, Brel, Xarnof, Fragson eta beste abeslari batzuen kantak abesten zituen garai hartan. Gero, bere abestiak sortzen hasi zen, eta 1963an arrakasta handia lortu zuen bere diskorik ospetsuenetako batekin: Dis, quand reviendras-tu?. Harrezkero, kabaretak utzi eta antzoki handietan hasi zen abesten (Bobino, Olympia, Zénith...). Barbararen abestiak intimistak dira eta, modu neurritsuan beti, bizitzaren alde malenkoniatsua agertzen dute: maitasun oroitzapenak, aitaren heriotza (Nantes), maitearen zain egotea (Pierre). Maisulan ugari konposatu zituen, hala nola Göttingen, Attendez que ma joie revienne, Marienbad, Une petite cantate eta Ma plus belle histoire d’amour. 1972an Jacques Brel zuzendariaren Frantz filmean esku hartu zuen.