Barbados
Antilla Txikietako uhartea, Ozeano Atlantikoan, Haizaldeko uharteen ekialdean. 431 km2 eta 279.912 biztanle (2007, barbadostarrak). Hiriburua: Bridgetown. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Dirua: Barbados-eko dolarra. Etniak: beltzak (% 90), zuriak (% 4), besteak (% 6). Erlijioa: ez dago erlijio ofizialik; anglikanoak (% 33), protestanteak (% 29,8), katolikoak (% 4,4). Barbados Commonwealth-eko kide da. ■ Biztanleriaren hazkundea urteko % 0,36koa da (2007). Bizi itxaropena 76 urtekoa da: 73 urte gizonezkoek eta 78 urte emakumezkoek. Biztanleen % 99,7 alfabetatua da. ■ Ekonomia. Barbadoseko ekonomia azukre kanaberan eta azukre errefinatu, melaza eta ron ekoizpenean eta esportazioan oinarritu da betidanik. Gobernuak ahaleginak egin ditu herrialdeak azukre kanaberarekiko duen mendekotasuna gutxitzeko. Ehungintzan, altzarietan, tresna elektrikoetan, eta plastikozko objektuetan oinarritzen da eskulangintza. Petrolio eta gas natural hobiak aurkitu dira azken urteetan. Arrantzaren garrantziak ere gorantz egin du. Turismorako azpiegiturak ugaritu egin dira etengabe azken urteetan. Per capitako barne produktu gordina 11.200 dolarrekoa izan zen 1998. urtean. ■ Historia. 1966an Barbados burujabe geratu zen Commonwealth barnean. Barbadoseko lehenengo gobernu autonomoa Errol Walton Barrow-k (Lanaren Alderdi Demokratikoa) zuzendu zuen. 1975ko hauteskundetan Barbadoseko Langileen Alderdiko Tom Adams-ek hartu zuen aginpidea, eta hil zen arte egon zen aginpidean (1985). Urte horretan, E. Barrows Lehen Ministro bihurtu zen, harik eta hil zenean Erskine Sandiford-ek haren lekua hartu zuen arte. 1994an Owen Seymour Arthur hautatu zuten gobernuburu, eta 1996an Clifford Husbands izendatu zuen gobernadore Elisabet II.a erreginak.
http://www.barbados.gov.bb/