Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barakaldo

Bizkaiko udalerria (Ezkerraldea), Nerbioi ibaiaren ezkerraldean dagoena. Mugak: iparraldean Sestao eta Nerbioi ibaia, ekialdean Nerbioi ibaia eta Bilbo, mendebalean Trapaga eta Galdames, eta hegoaldean Guenes, Bilbo eta Arrigorriaga. Altuera 39 m. 45,29 km2. 1997ko datuen arabera, 98.714 biztanle zituen (barakaldarrak) eta, hiriburuak kenduta, Euskal Herriko herririk jendetsuena zen, nahiz eta azken urteetan etengabe galtzen ari den biztanleak, Nerbioi ibaiaren Ezkerraldea gogor astindu zuen krisialdiaren ondorioz. 1970eko hamarkadaren azken urteetan, esaterako, 123.760 biztanle izatera iritsi zen Barakaldo. Biztanleak galtzeaz gainera, azken urteetan zahartu ere egin da populazioa, erroldan agertzen direnen % 28,5ek 55 urte baino gehiago baitzituen, eta 16 urtetik beherakoak erroldakoen % 15 baino ez ziren. Auzoak: Alonsotegi, Irauregi, El Regato, Lutxana, Burtzeña eta Barakaldo. Galindo eta Kadagua ibaiek zeharkatzen dute udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 17.000 dira gaur egun. Industria hiria da. Aipagarriak dira bertan dauden burdin meatzeak, Babcock Wilcox enpresa, Bizkaiko Labe Garaiak, Gurutzetako erietxea, etab. Langile gehienak industrian ari badira ere, zerbitzuetan ere jende askok du lanbidea. Aipagarriak dira, halaber, XII. mendeko San Bizente parrokia eliza eta XVI. mendeko Iraurtziko San Antolin ermita.  v  Historia. Uribe merindadeko elizate zelarik, Barakaldo XI. mendeko dokumentuetan agertzen da lehen aldiz. XIV. mendera arte Enkarterriko beste herri bat bazen ere, mende hartan Bizkaiko Jaurerriko herri bihurtu zen. XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean nekazaritzatik eta lurpeko gaiak lantzen zituzten burdinoletatik bizi zen bertako biztanleria. XIX. mendearen hasieran Barakaldok parte zuzena izan zuen Zamakolada delakoan. XIX. mendearen erdialdetik aurrera ekonomiak indar handia hartu zuen industriaren aurreramenduari esker, eta bertako biztanleriaren kopurua eta dentsitatea ikaragarri hazi zen.  v  Gaur egun gaztelania nagusi bada ere, ezaguna da XVII. mendean Barakaldoko ahaldunei eragotzi zitzaiela Gernikako Batzar Etxean sartzea, gaztelaniaz ez zekitelako. ■ Nahiz eta Ezkerraldea eta Bilbo Handia birgaitzeko ekimen ugari bideratu diren azken urteotan, EAEko langabezia tasarik altuenak Ezkerraldeko udalerrietan zeuden, Barakaldo barne, eta udalerri horietan gainerako gehienetan baino mantsoago ari zen berreskuratzen enplegua. Estatuko Enplegu Bulegoaren (INEM) datuen arabera, 2000. urteko martxoan, esate baterako, 5.200 langabe zeuden Barakaldon, aurreko urtean baino % 4,7 gutxiago. Une berean, langabezia % 8 jaitsi zen Bizkaian eta % 7,7 Bilbo Handia eskualdean. ■ Hala ere, udalerria eraldatuko duten egitasmo ugari daude abian Barakaldon. 1998an, esaterako, hiru enpresa multinazionalek hitzarmena sinatu zuten Barakaldoko Ansion Kantauriko merkataritzagunerik handiena irekitzeko. Bilboko Erakustazokak ere bertan eraikiko du bere egoitza berria. Bestalde, Europar Batzordeak eragindako Urban Planaren laguntza ere lortu dute Barakaldoko Galindon, Labe Garaiek utzitako lekuan, 400.000 m2-ko lursaila berreskuratu eta bertan bide sare berria, ibar ertzaren ondoan egingo den parkea, etxebizitzak eta jarduera ekonomiko berriak hartuko dituzten espazioak sortzeko, besteak beste; egitasmo hori izango da Barakaldoren zein Ezkerraldearen birgaitzearen ardatz nagusia. ■ Udalerriaren egitura ekonomikoari dagokionez, aspaldi honetan zerbitzuek ekartzen diote zatirik handiena bertan sortzen den balio erantsiari: % 69 1996an, Bilbo Handiaren eta Bizkaiko batez bestekoaren gainetik. Garai batean jarduera nagusia izandako industriak, aldiz, balio erantsiaren % 19 baino ez zuten sortzen, Bilbo Handiaren eta Bizkaiaren batez bestekoaren oso azpitik. Udalerriaren aberastasuna neurtzeko baliogarria izan daitekeen Barne Produktu Gordinari dagokionez, berriz, 1996an 1.547.000 pezetakoa zen biztanleko, Bilbo Handikoa, Bizkaikoa eta EAEkoa baino naharmen txikiagoa. ■ Euskararen egoera aztertuz gero, egoera guztiz txarrean dago gaztelaniarekin alderatuz gero, 1996an 9.108 euskaldun baitzeuden bakarrik Barakaldon 70.060 erdaldun eta 20.000 ia-euskaldunen aldean.