Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bandinelli, Baccio

Italiar eskultore manierista (Florentzia, 1488 - Florentzia, 1560). Michelagnolo de Vivianoren seme eta ikaslea, bere garaiko zilar eta urre moldagile florentziarrik onenetakoa, Michelangeloren imitatzaile kaskarra, Cellini eta Vasarik diotenez. Medicitarrek eskatuta egin zituen estatua gehienak, eta haien laguntzatik bizi izan zen. Eskultura oso klasikoak, oreka handikoak eta teknikaz ondo moldatutakoak egin zituen, baina irudimenari neke gehiegirik eskatzen ez ziotenak. San Petriren estatua da horietako bat, 1515ean Florentziako katedralerako egin zuena. Hercules eta Cacori Pallazo della Signoriarako marmolean 1534an egin ziena da bestea, talde estatua ikaragarria. Aipatzekoak dira Leon X. aren eta Klemente VII. aren hilobietarako egin zituenak ere.