Baiona
Lapurdiko hiriburua eta Ipar Euskal Herriko hiri nagusia, Angelu eta Biarritzekin batera BAB barrutia osatzen duena. 44.300 biztanle ditu (baionarrak, 2005). v Santa Maria katedrala (XIII-XVI m.), XIV. mendeko klaustroa, gaztelua. Vaubanek XVII. mendean eraikitako harresiak. Euskal Museoa, Bonnat Museoa. Apezpikutegia. v Lapurdi eta Landen artean, Baiona Lapurdiko hiriburua izateaz gainera, Ipar Euskal Herriko eta Landetako hiri nagusia da. Ipar Euskal Herria eta Biarno batera hartzen dituen departamenduko (Pirinio Atlantikoak, antzina Basses Pyrenées) suprefetura (prefetura Paue Biarnoko hiriburuan dago). Baionako hirialdeak Lapurdiko herrialdetik kanpoko lurraldeak ere hartzen ditu: Miarritze eta Angelutik Landetako Ternose herriraino hedatzen da, Baiona eta Bokale igarota. v Azken urte hauetan, indar handia hartu dute turismoari eskainitako zerbitzuek, eta turismoaren erakargune garrantzitsua bilakatu da hiria; horri esker, nabarmen ugaritu dira kultura jarduerak, jaialdiak eta gainerakoak ere. Merkataritza ere jarduera sektore garrantzitsua da, Baionako Portuari esker, batez ere. v Hizkuntza. Jatorrizko hizkuntza euskara bazen ere, erromanizazio garaietatik beste hizkuntza batzuekin batera gertatu izan da beti euskara Baiona hiri barnean. Baiona, erromatarren Lapurdum, hainbat hizkuntzatan banaturiko eskualde baten erdian geratu zen VIII. mendetik aurrera. Baionako bertako herritarrak euskaraz mintzatzen baziren ere, inguruetako hizkuntzen eragina izan zuen gizarte antolamenduaren zenbait alorretan, administrazioan batez ere. Gaskoiera Baionako administrazio hizkuntza nagusia izan zen, Ipar eta Hego Euskal Herriko beste zenbait herri eta hirietakoa bezala, frantsesa XVI. mendetik aurrera hizkuntza ofizial gisa nagusitzen hasi zen arte. Baionan frantsesaren nagusitasuna biziki areagotu zen XVIII. mendean eta, egun, jaun eta jabe da frantsesa harreman guztietan, gaskoiera ia desagertu delarik, nahiz gaskoieraren akademia bat izan. 2.000 euskaldun inguru bizi da Baionan gaur egun. Arazo larriak bizi izan arren, euskara eta euskal kultura biziro ari dira hazten Baionan. v Ekonomia. Baionako jarduera portuaren inguruan antolatu izan da, mendeetan zehar. 1996-2004 bitartean, goranzko joera izan zuen portua, artoaren (salgai horri dagokionez, Frantziako portu nagusia da), produktu metalurgikoen eta hidrokarburoen garraioari esker, naguski. 2005ean, jaitsiera izan zuen, baina 2006an berriz ere suspertzen hasi zen jarduera (% 3,5). Aipagarria da Baionako portutik irteten den merkantzien kopuruak ia bikoiztu egiten duela bertan sartzen direnena. Merkataritzak eta industriak euskarri guztiz sendoa dute honetan, Baionako portua. Edonola ere, Baiona zerbitzu hiria da batez ere: lanpostuen % 81,6 zerbitzuetakoak dira; arrantzak ez du garrantzi handirik eta industria modernoa oraindik orain hasia da. Baiona Hego Euskal Herriko hiri nagusien parekoa da zerbitzuei dagokienez. Zegoen ohiko industria apurra desagertu da, janari industria izan ezik (Baionako urdaiazpikoa, etab.), eta 60-70 urteetatik aurrera, bestelako industria molde bat zabaldu da Baionako inguruetan (metalgintza, kimika, ontziolak…). Industrian langileen %17,7 ari zen 1999an, Euskal Herriko gainerako hiriburuetan baino askoz ere gutxiago. v Historia. Historiak eskaintzen dizkigun lehen datuak baino lehenagotik (K.a. I. m.) bizi zen, dirudienez, jendea Baiona aldean. Erromatarrak bertan egokitu ziren (K.a. I. m.) Aturri eta Errobi ibaien lotunea menderatzen duen muino batean, eta Lapurdum izeneko gotorlekua eraiki zuten. Lapurtarren hiria, Novenpopulania probintzia galo-erromatarraren hiriburua izan zen (IV-V), eta erromatarturiko Akitania eta euskaldun iraun zuten herrialdeen arteko muga-hiria izan zen mende luzeetan: Baionako hiri barnea erromatartu eta gaskoitu egin zen, eta behealdeak euskaldun iraun zuen, Lapurdiren antzera. Bikoiztasun honek itxuratu du hiriaren historia gaur arte, jatorri euskalduna ukatu duten eta indartu dutenen artean gatazka ugari sortu direlarik. 844. urtean bikingo edo normandiarrak egokitu ziren bertan, biztanleria guztia beren manupean ezarriz. Hauek izan bide ziren itsas teknika aurreratuenak euskaldun jendeari erakutsi zizkiotenak. 982. urtean Gilen Antso Baskoniako printzeak bikingoak kanpora egotzi eta handik berrogeita bat urtera (1.023), Lapurdi bizkonderri bihurtu zen. 1030ean Baionako apezpikutegia sortu zen, Lapurdi osoko herriez gainera, Nafarroa Beherea (Arberoa, Iholdi, Irisarri, Armendaritze, Garazi, Baigorri), Nafarroa Garaia (Bortziri, Maldaerreka, Baztan, Luzaide) eta Gipuzkoako herriak (Bidasoa eta Oiartzualdea) hartuz. Urte horretatik aurrera, eliz aginpidea nabarmenki hazi zen bizkonderriaren kaltetan. 1125. urtean, Akitaniako Duke Gilen IX.a Trobadoreak lehen hiri forua eman zion Baionari. Aurrerantzean urte oparoak izan zituen hiriak. Lapurdiko, Landetako, Biarnoko eta Nafarroako portua zenez, merkataritza hiri garrantzitsua bihurtu zen. 1152an Alienor Akitaniako dukesa Henrike Plantagenet Ingalaterrako erregearekin ezkondu zen eta Baiona, Lapurdirekin batera, ingelesen agintepean gelditu zen, era horretara hirurehun urtez luzatuko ziren harremanei hasiera ematen zitzaiela (1152-1461). Zuberoak eta Akitaniak ez bezala, Lapurdik onura ugari jaso zuen Baionako hiriak Ingalaterrako koroaren eskutik, eta merkatari hiri ahaltsua bihurtu zen. XII. mendetik aurrera Baionako itzala sumatzen hasi zen merkatari gaskoi ugari egokitu zen Gipuzkoako portu-hirietan (Donostian eta Pasaian nagusiki). XIII. mendearen bukaeran, Baionak eta Ingalaterrako koroak bat egin zuten Gipuzkoa eta Bizkaiko portuekin Ipar Europako merkatua irabazi nahiz eta normandiarren aurkako lehian. Frantzia eta Nafarroako koroak normandiarren alde lerratu ziren. Hego Euskal Herriko portuekiko harremanak onak baziren ere, baiones eta lapurtarren arteko tirabirak larriagotu egin ziren, 1355ko bakea izenpetu zen arte. Baiona hiri lapurtarra izan zen ingelesek antzinako Galian galdu zuten azken lurraldea. 1451. urtean frantsesen esku geratu zen: gainbeheraren hasiera zen. Frantzia eta Espainiako erresumen arteko muga-hiria izanik, merkataritzak behera egin zuen neurrian, indartu zuen Baionak alderdi militarra; erlijio arazoetan jokaera zabala erakutsi zuen hala ere (Espainiatik eta Portugaldik egotzitako judu sefardiarrak Baiona eta inguruko herrietan egokitu ziren; Baionak eragotzi zuen protestanteen hilketa). Udal gobernua, ordea, murrizturik geratu zen: alkatea eta idazkaria erregeak aukeratzen zituen zuzenean eta kontseiluko karguak askoz ere gutxiago izan ziren. Honenbestean, merkatari burgesen nagusigoa zapaldu zuen oligarkia erregezale berri bat eratu zen, militarren adostasunaz betiere. Bi mende ilunen ondoan, berriz ere garai oparoak izan zituen Baionak Merkatari Ganberari esker (1726). Frantziako Iraultzak eten zuen garai hori: 1874an, zergak ordaindu beharrik gabeko portu libre egin zuten Baiona. Sei urtez baizik ez zen luzatu egoera hau: Frantziako Iraultzarekin batera, herritar bakoitzaren eskubideak aitortzeaz gainera, erabat ezabatu zituzten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako foruak, baita Baionako hiri eta portuak zituen eskubideak ere. 1790. urtean Iraultzak Ipar Euskal Herria eta Biarno bateratuta sortu zuen departamendu barnean gelditu zen Baiona. Aurreko garaietako merkataritza nagusitasuna galduta eta industralizazio girotik kanpora geraturik, XIX. mendeko Baiona hainbat alderditako politikari hego euskaldun eta espainiarren azpijokoen gune bihurtu zen. Higikunde sozialistak eta anarkistak, bestalde, ez zuten indar handirik izan industria gutxi («Forges de l’Adour») zuen hirian; bai, ordea, Bokalean. Portuko langileek 1911n egin zuten lehen greba garrantzitsua. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Baionak hiri kontserbadore bezala jokatu du.