Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

azteka

(Nahuatlez aztecatl, aztatl, «lertxun», jainko nagusia) iz. Hist. Iparraldetik etorrita, Mexiko erdialdeko goi-ordokian egokitu zen tribu nahuatl baten izena. Beste herri batzuen mende zeudela (tepanekak, txitximekak), XV. mende osoan bideraturiko gerrei esker, Tenoxtitlan (Mexiko) hiriburutik hedatu eta, Texcoco, txitximeken hiriburuarekin bat egin ondoren, egungo Mexiko erdialdeko nagusi bihurtu ziren. Itzcoatl, Moctezuma I.a (1440-1469), Axayacatl (1469-1481) eta Avitzotl (1486-1503) izan ziren errege garrantzitsuenak. Azteka zibilizazioa, kultura tolteka eta beste zibilizazio klasikoetako elementu nagusien sintesia da. Erlijioaren mende (hierarkia tolteka: Quetzalcoatl, Tezcatlipoca, Huitzilopochtli, Tlaloc) zegoen bizitza eta gizartearen antolakuntza. Alderdi anker batzuk baziren ere (giza sakrifizioak), kultura honek maila handia iritsi zuen: arkitektura, eskultura, idazkera pikto-ideografikoa, poesia, etab. Egitura ekonomikoa ere guztiz sendoa zen XVI. mende hasieran. Espainiarrak bertara iritsi zirenean (1519), nagusi baziren ere, aztekek ezin eman zioten behar bezalako batasuna inperioari: dinastia totonakak, mixtekak, zapotekak eta agintetik guztiz bazterturik zeuden bitartean, gehiegi ziren herrien arteko desberdintasunak. Honenbestean, neke handirik gabe garaitu zuen Hernan Cortés-ek Moctezuma eta Mexiko hartu (1521). Cortés-en aginduz hil zuten Cuauthemoc azken errege azteka (1524).  v  Azteka-tanoar hizkuntzak. Azteken hizkuntza nahuatl delakoa zen (800.000 hiztun egun). Azteka-tanoar deritzo gaurko Estatu Batuen ekialdetik (Wyoming, Montana, Kalifornia, Arizona) Panamaraino hedatu zen hizkuntzen familiari. Honako hizkuntza hauek daude horien artean: shoshone edo yute, pima, tarahumara, tepehua, huitxol eta nahuatl. Grafia latinoan idatziriko XVI. mendeko izkribu nahuatl batzuk gorde dira.