Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

azido

iz. Kim. Gai hidrogenoduna, uretan hidrogeno ioiak ematen dituena. || izond. Garratza, azidoei dagokiena.  v  Kim. Gai hidrogenoduna, zapore garratzekoa, uretan hidrogeno ioiak (H+) ematen dituena, metalekin erreakzionatuz hidrogenoa libratzen duena, baseekin erreakzionatuz gatza ematen duena eta 7-tik beherako pHa duena. Azidoak organikoak eta inorganikoak izaten dira; lehenengoek karboxilo (COOH) multzo bat edo gehiago izaten dute beren molekulan eta azkenekoek batere ez. Uretan libratzen dituzten hidrogeno ioien arabera, azido “bortitzetan” (azido klorhidrikoa, nitrikoa) eta azido “ahuletan” (azido azetikoa, borikoa) sailkatzen dira. nHerr. Azido lisergikoaren dietil amida, LSD laburduraz ezagutzen den droga.      
 v  Historia. Azidoaren lehen interpretazio teorikoa egiten Antoine-Laurent Lavoisier saiatu zen XVIII. mendean. Haren ustez azidoek oxigenoa eduki behar zuten, eta ideia hori erabili zen hainbat hizkuntzatan azidoa izendatzeko: ingelesez oxigen, grekozko oxys-etik (garratz) eta genna-tik (ekoizpen); alemanez sauerstoff, gai garratza, hitzez-hitz, etab. Gerora, azido klorihidrikoak oxigenorik ez zuela jakin zenez gero, Sir Humphry Davy ohartu zen lehenengo aldiz, 1815 aldera, hidrogenoa zela azidoen funtsezko elementua. Hidrogenoa duten gai guztiak ez dira azido, ordea, eta Justus von Liebig-ek 1938an eman zuen taxuzko lehen definizioa, zaharkitu samarra dagoen arren oraindik ere onargarria dena: hidrogenoa metal batez ordezkatua izateko eran daukan gai konposatua. Garai hartan baseak gatza emanez azidoak neutralizatzen dituzten gaiak baino ez ziren, eta ez zekiten beren osaeran zerk ematen zien ezaugarri hori. Azido-base gaien kimika osoak bestelako ikuspegi bat hartu zuen Wilhelm Ostwald-ek eta Svante August Arrhenius-ek 1880an moldatu zuten teoriarekin (Nobel saria jaso zuten biek). Hauen teoriaren ezaugarri nagusia da elektrolito deitzen diren konposatu batzuk banatu egiten direla uretan ioiak emanez. Teoria hau garatuz joan ziren heinean, ohartu ziren azidoak ez zirela uretan hidrogeno ioiak (H+) libratzen dituzten konposatu hidrogenodunak baino. Ohartu ziren, halaber, lotura bat badela disoluzioaren azidotasunaren eta disoluzioaren ioi kontzentrazioaren artean. Era berean, base tasunek uretan izan dezaketela loturaren bat hidroxilo ioiekin (OH), eta nola baseek neutralizatu egiten dituzten azidoak, ioi horiek elkarrekin erreakzionatzean ur molekula neutroak ematen dituztela



atera zuten ondorio gisa. Hortik, beste definizio bat osatu zuten: azidoak eta baseak uretan hidrogeno eta hidroxilo ioak, hurrenez hurren, ematen dituzten gaiak dira. Brønsted eta Lowry-ren definizioa. Azidoak eta baseak hidrogeno eta hidroxilo ioien bitartez definitzean sortzen diren arazoak gainditzeko, 1923an J. M. Brønsted-ek eta T. M. Lowry-k bestelako defininizio bat proposatu zuten, biek ia aldi berean: azidoa protoi bat galtzeko joera duen gaia da eta basea protoi bat irabazteko joera duen gaia. Protoi izenak H+ gaia esan nahi du (hidrogeno atomoaren nukleoa), eta ez disoluzio desberdinetan ematen diren hidrogeno ioiak; hala bada, definizio hau ez dago disoluzioetara mugatua eta hartzen duen hedadura berria da, hain zuzen, Brønsted eta Lowry-ren teoriaren ezaugarri nagusienetakoa.



ekuazioaz labur daiteke, A eta B elkarrekin jokatutako azido eta base parea direlarik. Horrelako parean A azidoak B baseak baino karga positibo bat gehiago eduki behar du (edo karga negatibo bat gutxiago), baina ez du beste mugarik kargen zeinu edo magnitudean.  
 v  Azido-base erreakzioa. Kim. Neutroak izan daitezkeen gaiek (molekulak, esaterako, ura, H2O; edo azido azetikoa, CH3COOH) edo karga elektrikoa dutenek (ioiak, esaterako, amonioa, NH4+; hidroxiloa, OH; edo karbonatoa, CO32–) elkarren artean hidrogeno ioi bat, H+, edo gehiago trukatzen duten prozesu kimikoa. Halakotzat ematen dira, orobat, hidrogeno ioiak eman gabe ere modu bertsuan jokatzen duten molekulak edo ioi azidikoak (aluminio kloruroa, AlCl3, eta zilar ioia, Ag+). Ohiko azido-base erreakzioak ondoko ekuazioa izango luke:



bertan A eta B, HA eta BH+ azidoekin jokaturiko baseak direlarik, hurrenez hurren. Berebat, HA eta BH, A eta B baseekin jokatutako azidoak dira. Ekuazio orokor horietan partikularen batek karga elektrikorik izateak edo ez izateak ez du, nahitaez, partikula horrek duen karga adierazten; azido batek bararekin jokatutako baseak baino karga positibo bat gehiago edo negatibo bat gutxiago duela erakusten du soil-soilik, eta alderantziz, baseak karga positibo bat gutxiago edo karga negatibo bat gehiago duela berarekin jokatutako azidoak baino. Azido eta baseen inguruko erreakzio nagusiak ondoko hauek dira: uretan banatzen direnak, bestelako disolbatzaileetan banatzen direnak, beren kasa banatzen diren disolbatzaile anfoterikoak, neutralizazioa, eta gatzen hidrolisia. Azido molekula bat, azido azetikoa adibidez, uretan dagoenean, base edo protoi hartzaile gisa jokatzen du urak, ondoko ekuazioan bezala:



Base bat uretan dagoenean, urak azido edo protoi emaile gisa jokatzen du, ondoko ekuazioan bezala:



Disolbatzaile anfoteroek, urak eta amoniako isurkariak esaterako, nahiz base nahiz azido tasunak izaten dituzte. Adibide gisa, ondoko erreakzioak erakusten du ura nola banatzen den bere kasa:



Neutralizazioa
. Azido batek eta base batek elkar neutralizatzen dutenean, hidronio ioia (H3O+) eta hidroxilo ioia (OH) elkarrekin konbinatzen dira eta ura eratzen dute; bi gaietatik kopuru berbera dugunean, erreakzioa azken molekularaino gertatzen da, ura gutxi banatzen baita ioitan. Potasio hidroxidoaren eta azido klorhidrikoaren erreakzioa ondoko formula kimiko honetan adierazten da:



Laburtuz:



bertan potasio eta kloruro ioiak, erreakzioan parte hartzen ez dutenez gero, ezabatu egiten direlarik. Ioi horiek bertan izaten dira, halaz ere, neutralizazioa gertatu ondoren; neutralizazioak sortzen duen uretan eta disolbatzaile gisa jokatzen duen uraren soberakinetan potasio kloruroa gelditzen da.   
Gatzen hidrolisia. Uretan gatz askok azido edo base tasunak izaten dituzte. Hidrolisi deitzen zaion gertakari hori, base ahuletatik datozen katioien azido tasunen eta azido ahuletatik datotzen anioien base tasunen ondorio gisa uler daiteke.
Aldagabeko ionizazioa. Ur disoluziotan, ioitan proportzio handian banatzen diren azidoak bortzitzak deitzen dira; egoera bertsuetan gutxi banatzen direnak azido ahulak deitzen dira. Uretan, HA formulako edozein azido ahul ondoko ekuazioaren arabera banatzen da:



Erreakzio horren oreka konstantea ondoko ekuazioaz adierazten da:



kako artean dauden adierazpenak azidoen eta beren ioien kontzentrazioa irudikatzen dutelarik. Azido bortitzak oreka konstantearen balio handia izaten du (Ka); izan ere, konstante hori azido horren bortiztasunaren neurria baita. Zenbat eta ur gehiago disoluzioan, hainbat eta ioitan banatuago gertatzen da azidoa.     
 v  Azido akrilikoa. Isurkari koloregabea, usain sakorrekoa, uretan aise urtzen dena. Akroleina oxidatuz lortzen da. Bai azido akrilikoa eta bai haren eratorriak oso erraz polimerizatzen dira, eta horregatik erabiltzen dira pintura eta plastikoa egiteko.  v  Azido askorbikoa (C6H8O6). C bitamina; kristal itxurako gai koloregabea, uretan urtzen dena. Beraren gabeziak eskorbuto gaixotasuna ekartzen du. Funtsezkoa da metabolismoaren hainbat funtziotan. Landare askotan aurkitzen da, fruitu zitrikoetan batez ere.  v  Azido azetikoa (CH3COOH). Isurkari koloregabea, usain sarkorrekoa, uretan eta alkoholetan nahasgarria eta ozpinaren osagai nagusia. Sagardoa, ardoa eta beste hainbat isurkari alkoholiko azido azetikoaren bakterioak hartzituz lortzen dira.  v  Azido azetilsalizilikoa (CH3COO C6H4COOH). Gai zuria, kristal itxurakoa, azidotasun gutxikoa, 137° C-an urtzen dena. Medikuntzan, sorgarri eta sukarraren aringarri gisa erabili ohi da (aspirina).  v  Azido barbiturikoa (C4H4O3N2). 2,4,6-trioxiipirimidina, barbiturato multzoen oinarrizko osagaia. Urearen ester malonikoa kontzentratuz ateratzen da. Sendagintzan, sorgarriak egiteko erabiltzen dira horren zenbait eratorri.  v  Azido benzoikoa (C6H5COOH). Gai zuria, biguna. Alkoholetan eta eterretan erraz samar baina uretan nekez urtzen da. Bentzoinatik eta horren gisako ukenduetatik eta zaldiaren gernutik ateratzen da. Toluenoa oxidatuz ere lor daiteke. Kolorerik gabeko kristal monokliniko gisa azaltzen da, 122-123° C-an urtu eta 249-250° C-an irakiten du, eta disolbatzaile organiko gehienekin ondo nahasten da. Jakiak kontserbatzeko, tabakoa ontzeko, koloregaiak egiteko eta botiken sintesian erabiltzen da.  v  Azido borikoa (H3BO3). Gai zuria, kristal itxurakoa. Lurreko zenbait pitzaduratatik ateratzen den ur lurrunak sortzen du. Industrian eta sendagintzan usteltzearen kontra eta antiseptiko bezala erabiltzen da.  v  Azido desoxirribonukleikoa. Molekula egitura konplexuko gaia, izaki bizidun guztien zeluletan aurkitzen dena eta informazio genetikoa kodetzen duena. Laburduraz, DNA. Ezagutzen den molekularik handiena da eta mikroskopio elektronikoz ikus daiteke. ik. DNA.  v  Azido erribonukleikoa. Hidrolisiaren ondorioz ribosa ematen duen azido nukleikoa. Proteinen sintesiarekin izaten du lotura azido mota honek. Laburduraz, RNA.  v  Azido estearikoa (C18H36O2). Azido oliotsua, kolore zurikoa. Nakarraren gisako xafla txikietan azaltzen da. Uretan disolbagaitza. 70° C-an urtzen da eta 383° C-an irakiten du. Landareen eta animalien gantzean aurkitzen da, glizerinarekin nahastuta.  v  Azido fenikoa (C6H5OH). Fenoletan soilena, solido egoeran agertu ohi da. Orratz kolorgetan kristaltzen da. Usain berezia du, oso sarkorra. Karbonoz, hidrogenoz eta oxigenoz dago osatuta. Ez da oso erraz disolbatzen uretan baina bai alkoholetan. Indar handiko garbigai bezala erabiltzen da.  v  Azido fluorhidrikoa (HF). Fluorrez eta hidrogenoz osatutako gai kolorgea, usain sarkorrekoa. Herdoilkorra da eta oso higroskopikoa. Gas modura azaltzen denean ere kolorgea izaten da, airea baino arinagoa eta oso pozoitsua. Beira grabatzeko erabiltzen da.  v  Azido folikoa. B2 bitaminetako bat.  v  Azido formikoa (HCOOH). Isurkari kolorgea, usain mina duena. Antzina inurrietatik ateratzen zen, baina gaur egun laborategietan prestatzen da. Kautxuaren koagulazioan erabiltzen da.  v  Azido fosforikoa. Kristal itxurako gai solidoa, gardena, uretan urtzen dena.  v  Azido fulminikoa. Isurkari lurrunkorra, pozoitsua. Azido mota horrek sortzen dituen gatzak leherkariak izaten dira. (HONC).  v  Azido kaprikoa (C6H5COOH). Gai oliotsua. Uretan disolbagaitza den ore zurixka modura azaltzen da. Ahuntzaren gantzetan aurkitzen da eta hortik datorkio izena. Koko oliotan ere aurkitzen da.  v  Azido karbonikoa (H2CO3). Karbono bioxidoa urarekin nahastean lortzen den azidoa.  v  Azido karboxilikoa. Bere molekuletan karboxilo multzo bat edo gehiago dituzten gai organiko guztiei ematen zaien izena; Zenbat karboxilo multzo dituzten, mono-, di-, tri-, etab. aurrizkiak jartzen zaizkie. Alifatikoak eta aromatikoak bereizten dira horien artean.  v  Azido klorhidrikoa. Usain mineko gas kolorgea, airea baino astunagoa (HCl). Itsasoko gatzetik ateratzen da. Metal gehienak herdoiltzen ditu. Urarekin nahastuta erabili ohi da.  v  Azido laktikoa (CH3–CH(OH)–COOH). Isurkari kolorgea, likatsua. Esne mikatzetik ateratzen da. Giharretan, odolean, okelaren zukuan eta zenbait jaki hartzitutan azaltzen da.  v  Azido nukleikoa. Zelula bizien nukleoan proteina bezala bereziki, aurkitzen diren bi azido konplexuetako bat, DNA edo RNA.  v  Azido oleikoa. Azido oliotsua, glizerinarekin nahastuta aurkitzen da animalien eta landareen gantzean, olioetan bereziki. Kolorgea da, eta uretan disolbagaitza.  v  Azido oxalikoa (HOOC–COOH2). Gai solidoa, kolorez zuria, usain sarkorrekoa eta pozoitsua da. Uretan erraz disolbatzen da. Tinta, koloregaiak, etab. egiteko erabiltzen da.  v  Azido perklorikoa (HClO4). Isurkari kolorgea. Erraz lurruntzen da eta ke handia ateratzen du erretzerakoan. % 70etik gorako kontzentrazioetan lehertu egiten da. Oxidatzaile gisa erabiltzen da eta azido honen gatzak, perkloratoak, leherkariak egiteko erabili ohi da.  v  Azido pikrikoa (C6H2(NO2)3OH). Gai solidoa, mingotsa.  Kristaltzen denean kolore hori argiko xaflatxoak eratzen ditu, uretan erraz disolbatzen direnak. Koloregaiak eta leherkariak egiteko erabiltzen da. Azido nitrikoak fenikoarekin erreazkionatzen duenean lortzen da.  v  Azido salizilikoa (HO.C6H4.COOH). Kolore zuriko xaflatxotan kristaltzen den gai solidoa. Uretan ez da erraz disolbatzen. Azido fenikoa eta anhidrido karbonikoa nahastuz prestatzen da. Hezueriaren sendagai bezala, antiseptiko bezala, etab. erabiltzen da.  v  Azido silizikoa. Hauts eran azaltzen den gai solidoa, kolore zurikoa. Silizioa, oxigenoa eta hidrogenoa ditu osagai. Silikatoak azidoen bidez deskonposatuz lortzen da.  v  Azido sulfhidrikoa. Gas kolorgea, uretan erraz disolbatzen dena. Azufrez eta hidrogenoz osatua. Albuminak deskonposatzen direnean lortzen da, zerbait usteltzen denean; hori dela eta arraultze ustelduaren usainarekin nahasten da askotan azido honena. Ur mineral sulfurosoen osagaietako bat izaten da. (H2S).  v  Azido sulfurikoa (H2SO4). Isurkari oliotsua, kolorgea eta usainik gabea. Gai organikoak kiskali egiten ditu eta urarekin nahastuz beroa ematen du. Industrian oso erabilia da. Azido sulfurosoa urarekin oxidatuz lortzen da.  v  Azido sulfurosoa (H2SO3). Anhidrido sulfurosoa urarekin nahastuz lortzen den isurkari kolorgea. Zuritzaile bezala erabiltzen da.  v  Azido tartarikoa (HOOC–CHOH– COOH–COOH). Gai solido organikoa. Tartaroaren eratorria da. Medikuntzan, argazkigintzan, etab. erabilia.  v  Azido urikoa (C5H4N4O3). Gai solidoa, uretan disolbagarriak diren ezkata zurixka bexala azaltzen dena. Karbonoa, nitrogenoa, hidrogenoa eta oxigenoa ditu osagai. Ugaztunetan, neurri txikian azaltzen da eta gernuaren bidez kanporatzen da; batzutan, pilatu egiten da eta eritasuna sortzen da orduan.  v  Azido zianhidrikoa (HCN). Isurkari kolorgea, oso pozoitsu eta lurrunkorra. Almendra garratzaren zaporea du. Zianuro multzo bati azido sulfurikoa gehituz lortzen da, eta erabili behar den unean prestatzen da.  v  Azido zianikoa (HOCN). Gai pozoitsua, azido fulminikoaren isomeroa baina tenperatura hotzetan izan ezik oso aldakorra dena.  v  Azido zianurikoa (H3C3N3O2). Kristal itxurako gai zuria, urea berotuz lortzen dena.  v  Azido zinamikoa (C6H5–CH=CH–COOH). Gai solidoa, zuria. Kanelan eta zenbait ukendutan aurkitzen da.  v  Azido zitrikoa (HOOC–CH2–C(OH)(COOH)–CH2–COOH). Gai solidoa, mingotsa. Oso erraz disolbatzen da limoiaren eta horren gisako fruituen uretan. ura lurruntzen denean kolorerik gabeko kristalak eratzen ditu. Jakietan, ehungintzan eta metalentzat garbigaiek egiteko erabiltzen da.  v  Oxazidoa. Gai bakun bat oxigenoarekin eta urarekin nahastean eratzen dena.