azetona
iz. Kim. CH3—CO—CH3 formula duen gaia. Isurkari koloregabea da, mugikorra eta mendaren usainekoa. 56° C-an irakiten du, urarekin nahas daiteke eta hainbat gai organiko disolbatzen ditu (gantzak, erretxinak, nitrozelulosa, etab). Azetilenoa ere disolbatzen du. Kimikan duen jokabideari dagokionez zetonen tasun orokor berberak ditu. Azetona kaltzio azetatoaren destilazio lehorrez, edo azido tartarikoaren, azido zitrikoaren nahiz zelulosaren pirogenazioz lortzen da eta baita beste hainbaten oxidazioz ere. v Med. Azetona gantzen eta zenbait aminoazidoen arteko metabolismoaz sortzen da. Gaixotasun batzuen ondorioz (diabetesa esaterako) azetona eta antzeko beste gai batzuk (gai zetonikoak) gehiago sortzen ditu gorputzak. Gernura igarotzen da eta azidosia eragiten du. v Azetona dikarboxilikoa. HOCO–CH2–CO–CH2–COOH formulako azidoa, diazido zetonikoa, azido zitrikoa oxidatuz lortua. 130° C-an urtzen da, eta azetonan eta anhidrido karbonikoan deskonposatzen da. v Azetona kloroformoa. Alkohol trikloratua, (CH3)2 COH-CCl3. 91° C-an urtzen da, 167° C-an irakiten du. Ahalmen antiseptikoak eta anestesikoak ditu.