Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

azeri

iz. Zakurraren familiako ugaztun haragijalea, buru-zabala eta mutur-zorrotza, buztana zuzena eta iletsua duena (Vulpes vulpes). || izond. (Pertsona) maltzurra. || Azeri(-)belar. Gariaren antzeko landarea (Alopecurus pratensis). || Azeri(-)buztan. Ile moduko hostoak dituen landare latza (Equisetum sp.). || Azeri(en) eztaiak, ezkontza, bataioa: eguraldi euri-eguzkitsua. Orik ez den lekuan azeria errege (esaera). || izond. (Irud.) Maltzurra den pertsonaz esaten da. Jainkoak mundua egin zuenetik ez zuen halako ume azeririk egin.  v  Klima, lurralde eta ingurune guztietan bizi da azeria, baita basamortuan eta Ipar Buruan ere. Mundu guztian barrena zabalduta daude beraz azeri mota desberdinak.  v  Azeri arrunta (Vulpes vulpes). 60-70 cm luze izaten da, eta isatsak beste 35-50 cm hartzen ditu. 40 cm inguruko altuera izaten du, eta 4-10 kg-ko pisua batez beste. Mutur zorrotza du, begiak zeharretara; belarriak zutiak; ilea ugaria, arre-gorrixka. Lodia ematen du, ile harroagatik, baina argala eta arina izaten da. Lurraren ipar hemisferio osoan bizi da: Europan, Ipar Ameriketan, Asia iparraldean, Txina eta Indotxinaraino, eta Afrika iparraldean. Gau eta egun ibiltzen da, bakarka, edozein ehizagai, fruitu umotu edo eztiren bila. Saguak jaten ditu batez ere, baina baita erbiak, untxiak, oreinkumeak eta antxumeak ere; orobat, txoriak, beren arrautzeekin, eta oiloak, ahateak eta bestelako hegazti handiagoak.  v  Azeri zilarkara. Ipar Ameriketako azeri gorriaren antzekoa da. Ile arrea izaten du, ile luzeen punta zuria izaten delako. Azeri honen larrua oso aintzat hartua da. Zenbait zoologok azeri mota desberdintzat hartzen du (Vulpes fulva).  v  Ipar Buruko azeria (Alopex lagopus). 60 cm luze izaten da, eta isatsak 30 cm hartzen ditu. Belarri motz biribilduak ditu. Ilea, batzuek udan gaztaina kolorekoa eta neguan zuria, eta beste batzuek beti urdina izaten dute. Ipar Buruko izotz artean bizi da; karraskariak, hegaztiak, arrainak eta itsasoko animaliak jaten ditu.  v  Azeri arrea (Urocyon cinereoargenteus). 60 cm luze izaten da, eta isatsak beste 40 cm hartzen ditu. Ilea kolore grisekoa du. Azeri arruntak baino isats luzeagoa du, hankak laburragoak eta gorputza arinagoa. Ilea sustrai ondoan zuria du, erdialdean beltza eta puntan gris kolorekoa. Ameriketako baso epeletan bizi da, Kanadatik Hego Ameriketako iparralderaino. Beste azeriek ez bezala, azeri arre edo urozioiak ez du usain txarrik.  v  Azeri motza. Mustelidoen familiako ugaztun haragijalea (Ictonys striatus). 35 cm inguruko luzera izaten du eta 25 cm-ko isatsa. Ile beltz distiratsua du, zerrenda zuriekin. Egunez ezkutatuta egoten da, eta gauez irteten da ehizara. Ugaztun txikiak, hegaztiak, arrautzak, narrastiak, anfibioak eta intsektuak jaten ditu. Lurralde harritsuetan bizi da, Afrikan, Saharaz hegoaldera. Hegoafrikan nekazariek etxabere bezala erabiltzen dute, arratoiak eta saguak uxa ditzan.