Azerbaijan ;(Azerbaidjanskaja Republika)
Sobiet Batasuna zeneko errepublika, Transkaukasiako ekialdean. Mugak: Georgia, ipar-mendebalean; Armenia, mendebalean eta hego-mendebalean; Iran, hegoaldean; Kaspiar Itsasoa, ekialdean. 86.600 km2 eta 6.614.000 biztanle, (1985) (azerbaijandarrak % 78, musulmanak gehienak; errusiarrak % 8; armeniarrak % 8). Hiriburua: Baku. Azerbaijan errepublika barnean badira lurralde autonomoak: Nagorno-Karabakh, mendebalean, eta Nakhitxevan, hego-mendebalean. v Orografia eta hidrografia. Azerbaijango erdialdea Kura ibai arroak hartzen du, eta bertara biltzen da Araxe ibaiaren ura. Kaukaso Handiko hego-ekialdeko mendiek babesten dute lurraldea iparraldetik Kaspiar Itsasoraino (Apxeron penintsula). Kaukaso Txikiko hormak ageri dira mendebalean eta Talyx mendiak hegoaldean. v Ekonomia. Nekazaritza (Kura eta Araxe ibai arroak) eta petrolioa (Baku, Apxeron penintsula, Kaspiar Itsasoa) dira Azerbaijango ekonomiaren zutabe nagusiak. Petrolioaz gainera, industria (metal, kimika eta mekanika industria, elikadura industria eta ehungintza) ere garatu da Kura ibaiaren indar hidroelektrikoari esker. Tabakoa eta, batik bat, kotoia dira industriarako nekazaritza gai nagusiak. v Historia. Azerbaijandarren eta armeniarren arteko istilu eta gatazka larriak izan dira nagusi Azerbaijanen azkenaldi honetan. Sobiet Batasunean 1986tik aurrera bultzatutako aldaketen ildotik, Armeniak Nagorno-Karabakh, Azerbaijanen barruan dagoen lurralde armeniar autonomoa (170.000 biztanle, % 76 armeniarrak, % 23 azerbaijandarrak), Armeniari itzultzeko eskatu zuen, baina Sobiet Gorenak ez zuen hura onartu. Lurralde autonomoko grebari (1988ko maiatza) erantzuteko, eta azerbaijandarrek hala eskatuta, blokeoa ezarri zuten Armeniako errepublikan (1988ko iraila). Urte bereko urrian Azerbaijango parlamentuak erabakitako legearen arabera, errepublikak dituen mugak ezingo dira aldatu errepublika osoan egindako erreferendumean onartuta ez bada. 1989. urtean armada sobietarrak hartu zuen parte eta bi herrietako miliziak, elkarrekin gerran ari baitziren, banatu egin zituen elkarrengandik.
- azenario
- azentu
- azeotropia
- azeotropo
- azerazeo
- Azerbaijan ;(Azerbaidjanskaja Republika)
- Azerbaijan
- Azerbaijan
- azerbaijandar
- azerbaijanera
- azeri hegalari