Azaria edo Ayaria
Georgiako errepublika autonomoa, Georgiaren hego-mendebaldean. Mugak: hegoaldean, Turkia; mendebaldean, Itsaso Beltza. 3.000 km2 eta 381.500 biztanle (1991). Hiriburua: Batumi. Hiri nagusia: Kobuleti. Hizkuntza: georgiera. Erlijioa: musulman sunnia. ■ Lurralde menditsua da, oro har; erdialdean haranak daude eta kostaldean lur apalak. Mendikateetan, aipagarriak dira Mesjetis Kedi eta Shavshettis Kedi. Ibai nagusiak Çoruh eta haren ibaiadar Acharistsqali dira. Klimari dagokionez, aldaera asko bereizten dira, lur beheretan epel hezea eta hotz lehorragoa mendialdean. Lurraldearen % 50 inguru zuhaitz koniferoz estalita dago, eta lur apaletan landare subtropikalak lantzen dira. ■ Biztanleak. Azariak (azareli, ayareli, ajareli) georgiarren saileko taldekoak dira, baina beren erlijio eta kultura tradizio propioak dituzte. Georgieraren dialekto bat erabiltzen dute, eta gehienak erlijioz sunniak dira. ■ Ekonomia. Ekonomiaren oinarria nekazaritza da. Gai nagusiak tea, zitrikoak, mahatsa, banbua eta eukaliptoa dira. Abeltzaintza eta tabakogintza garrantzi handiko jarduerak dira mendialdeetan. ■ Historia. 1991n Georgiak burujabetasuna eskuratu zuenez gero, Azariak gobernu autonomoa dauka eta eskumen ugari ditu barne politikaren alorrean. 1992an izendatu zuten Georgiaren baitako errepublika autonomo.
- azantz
- Azantza
- Azaña y Díaz, Manuel
- azao
- azarea
- Azaria edo Ayaria
- azarkatu, azarka, azarkatzen
- azarkatze
- azarkeria
- azarkuntza
- azaro