automatika
iz. Aurretik programatutako edozein lan gizakiak egin beharrean izaki artifizialen batek nola egin lezakeen aztertzeaz arduratzen den jakintzaren alorra. ■ Gaur egun matematika aplikatuen adarretako bat da automatika. Nolabaiteko automatizazio maila duten eragiketak egitea du helburu sistema automatikoak, edo automatismoak. Nahitaezkoa du automatismoak seinaleak edo aginduak eratzeko organoren bat, edo batzuk, sistemari zein eginkizun bete behar duen aginduko diotenak. Organo horiei sistema agintari deitzen zaie. Aldiz, agintepeko sisteman biltzen dira aginduak betetzeko eta irteera organoak. Robotika eta adimen artifiziala dira gaur egun automatikaren jarduera eremu nagusietakoak. ■ Automatika teorikoa. Sistemen analisia eta sintesia, aginduaren teoria eta agintepeko prozesuen teoria aztertzen dituen zientzia. Sistemen teoria orokorrean, edo sistematikan, du oinarria automatika teorikoak, eta biologia du inspirazio iturri: edozein sistema (fisiko, biologiko, soziologiko, ekonomiko...) aztertzen du, horren ezaugarrietako batzuk zehaztearren, sistemaren izaerari jaramonik egin gabe.