Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Attenborough, Richard

Britainiar zinemagilea. (Cambridge, 1923). Londresko Arte Dramatikoko Errege Akademian ikasi zuen. 19 urte zituela Noel Coward eta David Leanen Odola, izerdia eta malkoak (1942) filmean parte hartu zuen antzezle gisa. 1969an egin zuen bere lehen filma Oh! What a Lovely War (O, zein gerra polita!) eta harrezkero, bere karrera osoan aritu da bietan: antzezle eta zuzendari gisa. 1976an Sir titulua jaso zuen. 1977an hurbildu zitzaion bigarren aldiz gerraren gaiari Oso zubi urruna filmarekin, antzezle talde bikaina bildurik: Dirk Bogarde, James Caan, Michael Caine, Sean Connery, Gene Hackman, Anthony Hopkins, Laurence Olivier, Robert Redford, eta abar, gehienek benetako pertsonaiak hezur-mamitzen zituztelarik. Beste bi film eskaini zizkion ikuskizunen munduari: 1978an Magic, eta 1985ean Chorus Line. Azken honek hiru Oscar sari jaso zituen: muntaketa, musika eta soinuarena. Gandhi (1982) izan zen bere bosgarren filma, bere bizitza osoko ametsa gauzatu zuena; antzezle talde bikaina bildu zuen berriro, Ben Kingsley protagonista zela, eta 8 Oscar irabazi zituen, tartean zuzendariarena eta filmarena. 1987ko Oihuka ezazu askatasuna fimak Bakearen aldeko filmaren ohorezko aipamena jaso zuen Berlingo Zinema Jaialdian. Beste film batzuk: Chaplin (1992), Erdi itzaletako lurrak (1993) Amodioan eta gerran (1996), Grey Owl (1998). Antzezle gisa film gehiago egin baldin baditu ere, Berebiziko ihesaldia (1963) eta Parke Jurasikoa (1993), besteak beste, dira aipagarriak.