Atlantov, Vladimir
Errusiar opera abeslaria (San Petersburgo, garai hartan Leningrad, 1939). Tenorra, kantari baten semea. Gaztetatik nabarmendu zitzaizkion kanturako dohainak eta hogei urte bete aurretik sartu zen Kirov Antzokiko konpainian. Gero Bolshoi konpainian sartu zen, urte batzuetan Milanen ikasi ondoren. Antzoki ospetsuetako eskaerak izan zituen laster: Milango Scala, New Yorkeko Metropolitan eta Parisko eta Vienako operetakoak, besteak beste. Protagonista ospetsu askoren paperak eginez nabarmendu da: Alfredorena Verdiren La Traviata-n; Don Joserena Bizeten Carmen-en; Otelo-ena Verdiren izen bereko operan; Mario Cavaradosirena Puccini-ren Tosca-n. Opera errusiarretako tenor paper nagusiak ere egin ditu: Txaikovskiren Eugene Onegin eta Piketako Dama, Mussorgskyren Boris Godunov obretan. Wagner-en obrekin edo baritonoen errepertorio arinagoekin ere aritu izan da, lehenengo kasuan Walkiria-n Siegmund-en papera betez, eta bigarrengoan Verdiren Don Carlo obran Rodrigo de Posarena eginez. 1966an Txaikovski lehiaketako urrezko domina lortu zuen, eta hurrengo urtean Montréal eta Sofia-ko lehiaketetako lehen sariak.