Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Athletic Club de Bilbao

1898. urtean Bilbon sortutako euskal futbol taldea. Espainiako futbol lehiaketetan garaipen gehien lortu duen euskal taldea da: zortzi liga txapelketa (aurrenekoa 1929-30 denboraldian eta azkeneko biak, jarraian, 1982-83 eta 83-84 denboraldietan) eta zazpi bigarren postu; hogeita lau Kopa (aurrenekoa 1902an eta azkenekoa, 1984an) eta hamaika bigarren postu; Espainiako Supercoparen irabazle 1985-85 denboraldian eta txapeldun hurrengo 1983-84 denboraldian), eta UEFA Kopan txapeldun hurrengo 1976-77 denboraldian). Jokalari euskaldunak baino onartzen ez dituen lehen mailako euskal futbol talde bakarra da egun Athletic. Zuri-gorriek Bilboko San Mames zelaian jokatzen dituzte etxeko partidak, baina Lezamako instalazioetan du bihotza klubak. Talde profesionalen entrenamenduetarako zein jokalari gazteak prestatzeko erabiltzen diren instalazio hauek 1971-72 denboraldian inauguratu ziren. Azken urteetan, Athletic Clubek Lezama kanpora ere zabaldu du, Bizkaiko hainbat herritan dauden 7 "Lezama-txiki"ko egitasmoaren bitartez. Lezamak oinarrizko futboleko bederatzi talde biltzen ditu, Athleticen lehen taldera iristeko jokalari orok goititu beharreko maila guztiak. Bilbao Athletic (Bigarren B maila), Gazteen Ohorezko maila, Gazteen Nazio Maila, kadete talde bi (Euskal Liga eta Gorena), Haurren talde bi (Lehena eta Bigarrena) eta Kimuen talde bi (Kimuak A eta Kimuak B). 1994tik aurrera José María Arrate da Athletic Cluben lehendakaria. Taldea, lau urtez (1996-2000) Luis Fernándezen ardurapean egon ondoren, Txetxu Rojo jokalari ohiaren esku gelditu da 2000-2001 denboraldian