Asiria
(Asirieraz, Assur) Asiako mendebaldeko antzinako inperioa, Goi Mesopotamiako Assur lurraldearen inguruan eratu zena. Hiri nagusiak: Assur, Khorsabad, Nimrud, Ninive.
v Historia. Herri semita, asiriarrak Sumeriaren mende bizi izan ziren K.a. XX. mendean burujabetasuna lortu zuten arte. K.a. XVIII. mendean osatu zen Asiriako lehen inperioa: Samshi-Adad I.aren gobernupean, Asiriak Goi Mesopotamia eta Mari erresuma hartzen zituen. Merkataritza asiriarra Anatoliaraino hedatzen zen garai haietan. Babiloniako inperioa (Hamurabi, K.a. 1690 aldera) eta mitanniarren mende (K.a. 1450), K.a. XIV-XIII. mendeetan Asiriak, berriz ere susperturik, mitanniarrak menderatu eta hititen nahiz Babiloniaren aurka jardun zuen. K.a. 1200 inguruan, ordea, aurre egin behar izan zien barbaroen erasoei (mux-kiak, arameiarrak). Bi mendez luzatu ziren gerrek herri militar bihurtu zuten Asiria, Assurnazirpal II. (K.a. 883-859) eta Salamanasar III. (K.a. 832-824) erregeen garaian erabateko inperio ahaltsua osatuz. Iparraldera (Urartuko erresuma) eta mendebaldera (Aram) hedatu bazen ere, barneko handikien arteko guduek gerra zibila ekarri zuten Salamanasar III.aren, Samshi-Adad V.aren eta Adad-Nirari III.aren erreinaldietan. Babilonia, asiriarrek beren jainkoak gurtzen zituzten hiri santua, errespetatua izan zen betiere. Teglath-Phalasar III.ak (K.a. 746-727) eman zion hasiera Asiriako inperio berriari: handikien aginpidea murriztu, administrazioa berritu zuen, armada indartu eta, batez ere, anexio politika bultzatu zuen Sirian eta Babilonian (bertako errege izendatu zuen bere burua, horretarako Pulu izena harturik). Salama-nasar V.aren ondoren, bere gorena iritsi zuen inperioak Sargon II.aren garaian (K.a. 721-705): Persiako Golkotik Taurus mendilerroraino eta Zagrostik Mediterraneoraino hedatzen zen inperioko 70 probintzietan, Asiriako arteak eta kulturak, arameiera (idazkera kuneiformearen ordez alfabetoa) eta erlijio kaldearra ezarri ziren. Hiriburu berri bat eraiki zuten, Dur-Sharrukin (Khor-sabad). Sargonidek (Sennakerib, Assarhaddon, Assurbanipal) Egipto, Elam eta Babiloniaren aurka borrokatu behar izan zuten. Inperioa mediarren aurkako gudan galdu zen, azken hauek Assur eta Ninive konkistatu ondoren (K.a. 614-612). Mediarren alde jardun ziren babiloniarrek inperio berri bat osatu zuten Nabopolasarrekin.
v Kultura. Asiriarren gizartearen ardatza gerra izan zen, hertsia bezain irmoa, inguruko herriak gupida gabe tratatu zituztelarik. Astronomo handiak ere izan ziren: Zodiakoa ezagutzen zuten, egungoa bezalako egutegia zuten eta metrikoaren antzeko pisu eta neurri sistema batez baliatzen ziren. Asiriarren hizkuntza akadiera zen, eta idazkera kuneiformea erabiltzen zuten (buztinezko adreilutan). K.a. VIII. mendean, ordea, arameiera nagusitu zen inperioan, idazkeran alfabetoa erabiltzen hasi zirelarik. Asiriarrek eguzkia, ilargia eta gainerako argizagiak gurtzen zituzten. Jainko nagusia, Assur, Asiriako erregea zen zinez, eta lurreko erregeak haren ordezkari baizik ez ziren. n Artea. Asiriarrak maisu handiak izan ziren eraikuntzan (Khorsabad eta Niniveko jauregi eta tenpluak, adibidez, edo ura garraiatzeko sistemak). Jauregietan terraza eta galeria handiak agertzen ziren, elkarren gainka piramide motzek osatzen zituzten tenpluak, eta harriz estaliriko adreiluzko egituretan bermatuak ziren. Giza eta, batez ere, animalien irudiz hornituriko erliebeak izugarri biziak dira.