Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

asasino

(Ar. haxaxin, «hatxis erretzaileak») izond. Hasan ibn al-Sabbah persiarrak sorturiko sekta xiita ismaildiarreko kideez esaten da (1090-1272). Persiara itzulirik, Qazwin ondoko Alamut gotorlekuaz jabetu zen (1090). Hasan hiltzean (1124), Buzurg Ummid Rudbary bere ondorengoak (1124-1138) halako dinastia bat sortu zuen, Mongoliako Hulagu khan-ak asasinoen azken maisu nagusia hilarazi zuen arte iraun zuena (1256).  v  Asasinoen sekta elkarte ezkutu gisa eratua zegoen; zelula isilpekoak lurraldeko buruzagien mende zeuden, eta berauen gainetik zegoen sektako maisu nagusia. Egiteko bereziak bete behar zituztelarik, hatxisez horditu ohi zituzten, era horretan molderrazagoak izan eta bizitza emateko prest izan zitezen. Egiteko hori askotan etsaien buruzagiak hiltzea zen. Nizam al-Mulk bisirra (1092), Raimundo Tripolikoa (1152) eta Konrado Monferratokoa (1192) sekta honetako kideek hil zituzten.