Artur
Elezaharretako pertsonaia, VI. mendearen erdian bretoien errege bide zena. Gildas kronikariak (VI. mendea) aipatzen du lehenengoz elezahar hau. Geoffrey de Monmouth-ek bere Historia Regum Britanniae izeneko lanean (1136 inguruan) moldatu zuen behin betiko Arturren elezaharra. Hasieran Artur zelten defendatzailea eta saxoi inbasoreen aurkaria bazen, G. de Monmouthekin zaldun-bertute guztien eredu bilakatu zen. Uther erregearen eta Ingern, Kornuallesko kondearen emaztearen arteko amodioen fruitua da Artur. Aita hil ondoren, errege aulkira iritsi zen, eta saxoi, pikto eta eskotoak mendean hartu zituen (Excalibur ezpata lagun). Ginebrarekin ezkondurik, Islandia, Norvegia eta Galiaz jabetu zen. Enperadore izendapena lortu asmoz Erromara bidean zihoala, Mordred ilobak errege aulkia beretu zuelako berria hartu zuen. Bretainiara itzuli zenean, Mordred hil zuen Camlaneko Guduan, baina bera ere larri zauritu zuten. Handik Avalon uhartera erretiratu zen zauriak sendatzearren. Wace-k frantses bertsoetara isuri zuen latinezko prosa hura, 15.000 zortziko biltzen dituen Roman de Brut liburuan. Wacek elementu berriak sartu zituen, gerora Chrétien de Troyes-ekin abiatuko den «Arturren ziklo» deiturikoan funtsezkoak izan zirenak: Mahai Biribila, zaldun onenak haren inguruan biltzen zituena, eta Brozeliande oihana, Merlinen bizileku eta abentura miresgarrien gertalekua. Gero, 1215. eta 1230. urteen artean, prosaz, eta frantsesez betiere, Lantzarote-Grial ziklo anonimoa agertu zen. Arturren Vulgata ere deitu ohi den kontakizun luze hau epikatik aldendu, eta Chrétienen ironiatik seriotasunera eta eztabaida moral eta teologikoetara igarotzen da. Berealdiko arrakasta izan zuen ziklo honi esker, zaldun munduaren irudi idealizatua zabaldu zen XIII-XVI. mende bitartean mendebaldeko Europa guztian. 1485ean Thomas Malory-ren La Morte D'Arthur argitaratu zuen William Caxton-ek. Iruzkin moral eta zertzelada teologikoez arindurik, gai zaharraren berrantolaketa hau estilo bizikoa, errealista eta tragikoa da, eta ingelesezko kulturaren eremuan egun ere irakurtzen den klasiko herrikoia da. XX. mendean, T. H. White eta bereziki John Steinbeck eleberrigileek landu dute gai hau.