artropodo
izond. Zool. Hanka giltzatuak, eta hezurduratzat balio dion azal gogorra duen animalia ornogabea. Gorputzak alde biko simetria du eta luzeraka jarritako segmentu sorta batez osaturik dago. Horrez gainera luzakinak ditu, giltzarteak izeneko zatiek osatua. Kanpoko tegumentua hauskaitza izaten da gehienetan, eta oso gogorra kare gatzekin gogorturik dagoenean. Tegumentu edo dermatoeskeleto hori kitina izeneko gaiak osatzen du eta ez du gogortasun berbera tegumentu osoan, bestela ezinezkoa bait litzateke animalia mugitzea. Beraz, hainbat aldetan malguagoa eta meheagoa da, segmentuen zatirik gogorrenen mugimendua errazteko. Animalia hauen nerbio aparatua gongoilez osatua dago, kate moduan eratua. Digestio aparatua agertzen da ia guztietan. Arnas aparatua asko aldatzen da klase batzuetatik besteetara; animaliaren bizkarretik luzatzen da. Nerbio aparatua horren azpian dago eta bien tartean digestio aparatua. Sexuak bereizturik daude eta normalean dimorfismo sexual nabaria dute. Oso itxura desberdinekoak izan daitezke animalia hauen gorputzak, ez bakarrik klaseen arteko desberdintasunengatik, klase beraren barruan ere oso ugariak izan baitaitezke desberdintasunok. Batzuk uretakoak dira eta beste batzuk lehorrekoak; badaude hegodunak eta apteroak. v Zazpi klasetan banatzen dira artropodoak: oskoldunak, merostomatuak, araknidoak, pantopodoak, miriapodoak, kilopodoak eta intsektuak. Klase horietan oso mota desberdinak biltzen dira: karramarroak, lanpernak, armiarmak, ehunzangoak, kakalardoak, tximeletak, matxinsaltoak, inurriak, erleak, eta abar.