Artizar
(Lat. Venus) Venus, Eguzkitik hasita bigarren planeta, Ilargiaren ondoren, gure gauetan ageri den argizagirik argitsuena (artizar, argi-izar). Diametroa (12.250 km), trinkotasuna (5,15 urarenaren aldean) eta ekuatoreko grabitatea (0,88) Lurrekoen antzekoak dituen arren, oso bestelako ezaugarriak ere baditu. 224,7 egunean osatzen du Eguzkiaren inguruko orbita ia zirkularra (eszentrikotasuna: 0,007) eta ekliptika aldera eroria hein txiki batean (3° 24'), batez beste 108 milioi km-ko distantzia gordez. Bere ardatzaren inguruko errotazio epea, kontrako norabidean, 243 ± 2 egunekoa dela kalkulatu da. 40-70 km zabal den hodei geruza trinkoak (gas karbonikoa, % 95; nitrogenoa, % 2-5; ur eta oxigeno arrasto batzuk) inguratzen bide du planeta. Azaleko tenperaturak (500° C zenbaitetan) eta presioak (100 atmosfera), Lurrean orain dela ehunka milioi urte gertatu zen zerra efektuaren antzeko fenomenoa eragiten dute. Ez du sateliterik. Oso distiratsua da eta itzala ere eragin dezake Lurrean.