Artin, Emil
Austriar matematikaria (Viena, 1898 - Hanburgo, 1962). Eraztun ez-konmutatiboei eta bere izena duten Artinen eraztun-ei buruz egindako lanarengatik da ezaguna. Horrez gainera, Hilberten 23 problemetako bat ebatzi zuen. Leipzigeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta 1921ean bukatu zuen doktoregoa. 1922-23 ikasturtea Göttingen-go Unibertsitatean eman zuen, eta gero irakasle hautatu zuten Hanburgoko Unibertsitatean. 1937an Estatu Batuetara emigratu zuen; bertan unibertsitate askotan aritu zen irakasle, haien artean, Notre Damen, Indianan eta Princetonen. 1958an Alemaniara itzuli zen eta Hanburgoko Unibertsitatean jarraitu zuen eskolak ematen. Lehenengo ikerketak zenbaki koadratikoen eremuan egin zituen, teoria analitikoaren eta aritmetikoaren barruan. Ekarpenik garrantzitsuena eraztun ez-konmutatiboen teorian egin zuen, eta aljebra elkarkorra landu zuen bereziki. 1955ean bi artikulu idatzi zituen, eragin handia izan zutenak, talde finitu arruntei buruz; era horretan, talde horien sailkapena egitea lortu zen. Artinen argitalpen garrantzitsuenak hauek dira: Geometric algebra (Aljebra geometrikoa, 1957) eta Class field theory (Klase eremuen teoria, 1961). Amerikako Elkarte Matematikoaren zenbakien teoriako Cole saria jaso zuen.