Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artikoa

(Gr. arktos, «hartza») Iparburuaren inguruan hedatzen den lurralde zabala, Iparburuko Zirkuluaren iparraldean (66º 33' I lat.). Amerika (Kanada, Alaska), Europa eta Siberiako (Taimyr penintsula) iparraldeak hartzen ditu, Kalaallit Nunaat (Groenlandia), Jan Mayen uhartea eta Spitzberg, Frantzisko Jose, Zenbla Berria, Ipar Lurraldea, Siberia Berria eta Kanadiar Artikoko uhartediekin batera.  
 v  Historia. Erik Gorri bikingoak 982. urte aldera Groenlandian egin zuen kolonizazio saioa alde batera utzita, XVI. mendean hasi ziren Iparburuko lurraldeak ikertzeko bidaldiak prestatzen, Ozeano Barerako biderik laburrena aurkitu nahiez betiere (Cabot, Davis, Hudson eta Parry-ren bidaldiak nagusiki). Euskaldunek noizbait lurralde haiek ukitu bazituzten ere, Artikotik hegoalderago dauden eremuetara jo zuten (Ternua eta Labrador batez ere), XVI. mendearen hasieratik aurrera, nagusi ziren balea eta bakailaoaren arrantzan. Artikoaren historia modernoa Iparburuaren aurkikundeak bideratu zuen XX. mendearen hasiera arte. Geroztik, asko ugaritu dira giza bizilekuak, zientifikoak nahiz militarrak, lurralde izugarri hotz eta latz hauetan.