arteriosklerosi
iz. Med. Odol hodien eritasun kronikoa. Arterietako hormak loditu eta gogortu egiten dira eta malgutasuna galtzen dute. Odoletako lipidoak ugaritzen direnean gertatzen da; kolesterola batik bat, arterien hormetan geratzen da eta malgutasuna kendu eta estutu egiten ditu eta, horregatik, zailagoa gertatzen da odola igarotzea. Eritasun hori oso zabaldurik dago herrialde aurreratuetan. Arteriosklerosia eragiten dutenen artean aipa daitezke: 1) janariak, kolesterola % 40tik gorakoa dutenak batez ere; 2) hipertentsioa, odol presioaren igoera; 3) tabakoa; 4) alkohola; 5) loditasuna; 6) emoziozko estresa; 7) diabetesa; 8) mugimendu gutxiko bizimodua; 9) herentzia. Arteriosklerosia era batera edo bestera ager daiteke eragindako odol hodiaren zabaleraren arabera eta kaltetutako soin atalaren arabera. Bihotzeko arteriei eragiten dienean, odol hodiak gogor daitezke edo esklerosi mailaren araberako gaixotasunak agertu; hasieran bular angina ager daiteke, gero miokardio infartoa eta azkenik kardiosklerosia edo bihotz giharraren fibrosia; ondorioz, bihotza ahuldu egiten da eta ez du behar bezala lan egiten. Giltzurrunetan gertatzen denean, lehendabizi giltzurrunaren jarioa gutxiarazten du, baina ez gainerako betekizunak, eta hipertentsioa agertzen da; gerora, arteriak gogortzen eta estutzen doazen neurrian, giltzurrun esklerosia agertzen da eta hipertentsioa handitzen. Soin ataletako arteriosklerosiak bestelako kalteak ere eragiten ditu; hasieran noizbehinka izaten du mina gaixoak: atsedenean dagoen bitartean ez du inolako minik baina, urrats batzuk eman ondoren, min handia hartzen du hanketan eta geratu egin behar izaten du. Pultsoa ere moteldu egiten zaio eta eragindako soin atala hoztu; aurrerago, gangrena eta antzeko gaixotasun trofikoak ere ager daitezke eragindako soin atalean. Sabelaldeko arteria mesentetikoaren arteriosklerosiak bestelako gaitzak ekartzen ditu: digestio zail eta astunak, mina eta, gehiegi janez gero, meteorismoa, idorreria, urdailaren, barearen eta hesteen jarioa murriztea, etab. Burmuinean gertatzen denean ere eragiten ditu kalteak; hasieran, krisiak agertzen dira noizbehinka, konortea bat batean galtzen da, eta infantilismoa, bat bateko umore aldaketak eta oroimen galera eta abar ere izaten dira. Burmuinera odola eramaten duten arteriak gogortzen eta loditzen doazen neurrian, lehen aipatutako sintomak areagotu eta gaixotasun zerebrobaskularrak agertzen dira eta, ondorioz, burmuineko mamia desagertzen; eragindako eritasunik garrantzitsuenak burmuineko odol jarioa, tronbosia eta enbolia dira. Horri guztiari apoplejia deritzo. Burmuineko odol jarioa, gehienetan, arteriosklerosia eta hipertentsioa batera izaten direnean gertatzen da. Kaltetutako hodiaren horma zulatu egiten da eta inguruko burmuin ehunean odol jarioak eta, ondorioz, odol bilduak agertzen dira. Ondoren hemiplejia dator, gorputz erdia erabat edo parte batez geratzea. Hitz egiterakoan ere agertzen dira gorabeherak, eta esfinterrean eta abarretan ere bai. Burmuineko hodi batean odol bildua dagoenean tronbosia gertatzen da eta odolaren zirkulazioa eragozten; horren bilakaera klinikoa burmuineko odol jarioaren antzekoa da. Burmuineko enbolia bat batean arteria batean odolaren mugimendua geratzea da, odol bilduak sortua; odol bildu hori, enbolo izenekoa, sortu zen tokitik libratu eta odol hodietan barrena mugitzen da, eta horrek eragin dezake enbolia. Enboliaren bilakaera klinikoa burmuineko odol jarioaren antzekoa da.