Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artemisa

edo Artemis. Grekoen jainkosa nagusietako bat, gerora erromatarrek Diana Italiakoarekin berdindu zutena. Delos uhartean sortua, Zeus eta Letoren alaba eta Apoloren arreba bikia da. Ilargiaren eta ehizaren jainkosa. Arku eta geziak aldean, ninfak lagun dituela, gauez oihanetan barrena abiatu ohi da basapiztiak atzeman beharrez. Artemisaren izaera kontraesanez betea ageri da: birjina izanik, erditzekotan zeuden emakumeen babeslea zen, nahiz eta zenbaitetan, apetak emanik, hil egiten zituen geziak jaurtikiz. Mendekatzailea eta ankerra, Akteon, Orion eta Kalisto hil zituen eta Apolori lagundu zion Niobek egindako laidoa mendekatzen. Agamemnonekin haserreturik, Ifigenia hil zezan agindu zion. Arkadian bereziki ohoratua izan zen. Efeson eta Epidauron berari eskainitako tenpluak zeuden.  v  Animalia basatien babesle gisa, piztiez eta txoriz inguratua irudikatu zuten. VI. mendean tunika luzez jantzia ageri da, geziak jaurtikitzeko jarreran, eta Apolo anaiari lagunduz askotan. Aro klasikoan eta helenistikoan jantzi motzez irudikatu zuten, ibilian bezala, arkua eta gezi zorroa aldean eta orein eme bat edo zakurrak atzean zituela.