Arroyo, Eduardo
Espainiar pintore eta idazlea (Madril, 1937). Margolari gisara, figurazio kritikoaren eta poparen ordezkari nagusietakoa izan da. Nabarmena du bere obran ezkertiar ikuspegi politiko-soziala (Espainiako Alderdi Komunistako kide izan zen urte askoan). 1963an Parisen egin zuen erakusketak Espainiako Gobernuaren protesta diplomatikoa eragin zuen, Arroyok eginiko Franco, Mussolini, Hitlerren eta abarren erretratuak zirela eta. Miró berregina (1967) eta 25 bake urte (1965) dira sasoi hartako bere beste obra ezagun batzuk. Frantziako “68ko Maiatzean” buru-belarri ibili zen, eta hurrengo urteetan Italian jardun zuen, Klaus Gruberekin hainbat eszenografia eginez. 1976an berreskuratu zuen pasaporte espainiarra, eta orduan hasi zen bere sorterrian erakusketak egiten. Kultura ministerioaren Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zioten 1982an, eta Frantziako Gobernuak Arte eta Letren Zaldun izendatu zuen 1983an. Parisko Pompidou Zentroan eta New Yorkeko Guggenheim Museoan atzera begirako erakusketak egin dizkiote. Eskulturan ere jardun du azken urteotan. Idazle gisara, boxeoari buruz idatzi du (Panamá Al Brown), antzerki obrak (Bantam) eta kontakizunak: Sardinas en aceite (1990, Sardinak oliotan.). 1998an Orgullo y pasión (Harrotasuna eta grina) argitaratu zuen, autobiografia modukoa.
- arrosel
- arrotz
- arrotzaldi
- Arrow, Kenneth Joseph
- arroxina
- Arroyo, Eduardo
- arroz
- Arroze
- arroztasun
- arrozte
- arroztegi