Arrieta Corera, Pascual
Euskal musikagilea (Gares, 1823 - Madril, 1894). Emilio deitua, Antonia arreba zaharrenak eraman zuen Madril aldera gurasoak hil zitzaizkienean. Musika ikasten ari zela dohain apartak erakutsi zituela eta, Italiara bidali zuen arrebak eta Madrilera itzulitakoan, Italiako musika giroak erabat hartua, operak idazten hasi zen, garai hartako usadioei jarraituz (Ildegonda, 1849, Isabel la Católica o la conquista de Granada, 1850). Zarzuelak gero eta arrakasta handiagoa zuela eta, genero horretako lanak idazten hasi zen (El dominó azul, Grumete eta Marina). Lehen biekin nolabaiteko ospea jaso bazuen ere, hirugarrenak ez zuen hasiera batean halako arrakastarik sortu, 1871. urtean opera bihurtu zen arte. Marina Arrietaren obra ezagunena izan zen, geroko lan guztiei sarrera egin ziena. Madrilgo Kontserbatorioko irakasle eta zuzendaria, berarekin ikasi zuten Tomás Bretón eta Ruperto Chapí zarzuelagileek, besteak beste.