Arrazola, Agustin
Gipuzkoar antzezlea (Donostia, 1958). Euskal telebista eta zinemako bigarren mailako ohiko antzezlea. 1986an hasi zen telebistan lanean (Bai Horixe sailean), eta orobat zineman (Juan Antonio Zorrillaren Lauaxeta-A los cuatro vientos); 1989 Teletxip telesailean lan egin zuen, baina 90eko hamarraldian egin ditu lanik garrantzitsuenak. 1991n Francisco Rabal saria eskuratu zuen Murtziako Zinema Jaialdian, José María Tuduriren Santa Cruz el cura guerrillero filmean egindako lanagatik. ETBn lan asko egin du: Funtzioa (1990), Bertan Zoro (1990), Penelope Enea (1992), Bi eta bat (1991-1993). 1994an paper biribila egin zuen Carlos Zabala eta Eneko Olasagastiren Maité film arrakastatsuan. Orduzkeroztik aldi berean aritu da telebistan –A ze parea ... (1994), Jaun eta jabe (1995)-, eta zineman –Airbag (1997)–. Antzerkian ere lan asko egina da; besteak beste, Gure herria (Juan Pastor zuzendari, 1984), Chantecler (J. Antonio Vizcaino, 1987), Voyeur (Nancho Novo, 1988), Pasen y mueran (Carlos Zabala, 1990), La cacatúa verde (Mario Gas, 1993), La serva padrona (Carlos Zabala, 1994), Mundopolis (E. Pimienta, C. Panera eta R. Barea, 1996).