Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Armenia

(Izen ofiziala, Armeniako Errepublika; armenieraz, Hajastan). Asia hego-mendebaldeko estatua, 1991 arte Sobietar Batasuneko errepublika federatua izana. Mugak: Georgia, iparraldean; Azerbaijan, ipar-ekialdean eta ekialdean; Iran, hego-ekialdean; Nakhitxevan eskualde autonomo azerbaijandarra, hegoaldean; eta Turkia, mendebaldean. 29.800 km2 eta 3.215.800 biztanle (2008ko estimazioen arabera, armeniarrak). Hiriburua: Erevan (1.091.234 biztanle). Hiri nagusiak: Kirovakan, Kumayri, Kafan. Hizkuntza ofiziala: armeniera. Dirua: dram-a. Gizatalde nagusiak: armeniarrak (% 93,2), yazidiak (% 1) eta errusiarrak (% 0,5 ). Erlijioa: kristautasuna (eliza armeniarra, “gregoriotarra” deitua). ■ Biztanleak. Armeniako biztanleriaren osaera oso homogeneoa da etniei dagokienez; izan ere armeniarrak dira biztanleen % 90 baino gehiago. Proportzio hori igo egin da, gainera, azken urteetan, Azerbaijango Nagorno-Karabakh eskualde armeniarraren burujabetasuna zela-eta Armeniaren eta Azerbaijanen artean piztu zen gerraren ondoren; izan ere, gerraren eraginez, Azerbaijango armeniarrak itzuli egin ziren eta Armeniako azerbaijandarrek ihes egin zuten. Armeniarrez gainera yazidiak eta errusiarrak dira Armeniako hurrengo gizatalde nagusiak, baina biztanleria osoaren % 1,5 bakarrik hartzen dute. Bestalde, Armenian bizi diren armeniarrez gainera, beste 8 bat milioi armeniar daude (Armeniakoak bertakoak baino gehiago), Sobietar Batasun ohian, Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdetan sakabanaturik. Nagorno-Karabaj eskualdean gehiengoa dira. Biztanleen % 70 inguru bizi da hiriguneetan, eta beraz, inguru hartako herrialdeetako urbanizazio maila gorena du Armeniak. ■ Gobernua eta administrazioa. Armeniako lurraldea 11 probintziatan banatuta dago: Aragatsotn, Ararat, Armavir, Geghark'unik', Kotayk', Lorri, Shirak, Syunik', Tavush, Vayots' Dzor eta Erevan. Estatuburua presidentea da, zuzeneko bozketa unibertsalez hautatua. Organo legegile gorena legebiltzarra edo Biltzar Nazionala da (lehen Sobiet Goren deitua), ganbera bakarreko erakundea. Lehendakariak Lehen Ministroa izendatzen du, eta hark izendatzen ditu gainerako ministroak. 1995ean onartu zen gaur egun indarrean dagoen konstituzioa. Armenia Estatu Burujabeen Batasunaren (EBB) kide da, besteak beste. ■ Ekonomia. Armeniako ekonomia alor nagusia industria da; industria jarduera oso bizia eta modernoa izan du, Sobietar Batasuneko kide zenean osaturiko plangintza zentraleko sistemari esker. 1992an barne produktu gordinaren % 46,3 hartzen zuen industriak, eta 1990ean langileen % 41ek ziharduen industrian lanean. 1990eko hamarraldian, ordea, arazo ekonomiko larriak bizi izan ditu Armeniak, 1991n Sobietar Batasunetik aldendu eta ekonomia zentralizatuak hondoa jo zuelako eta, Nagorno-Karabakh lurralde armeniarrari buruz Azerbaijanekin izandako gatazka etnikoaren eraginez blokeoa ezarri zitzaiolarik, ezin lortu zituelako industriarako behar zituen gasa eta petrolioa. Dena dela, 1994. urterako Armeniako gobernuak Nazioarteko Diru Funtsarekin antolaturiko politiken bidez, onera egin du ekonomia egoerak; maileguez gainera, aipatzekoa da diasporak egiten duen ekarpena. Armeniak inflazioaren igoera etetea lortu du, eta enpresa handi eta ertainak eta nekazaritzako lurrak pribatizatu ditu. Inflazioa % 10 jaitsi da eta barne produktu gordina, berriz, % 6 igo. 1995etik aurrera ekonomia hazkundea nabarmena izan da, eta sektore berriak indartzen hasi dira (bitxigintza, turismoa, etab.), oraindik ere langabezia arazo handia den arren. ■ Industria. Industria da Armeniako ekonomia jarduera nagusia. Industrian ekoizten diren gai nagusiak meatzaritzatik ateratakoak (urrea, zinka, kobrea, zilarra) eta eskulanak (makina tresna, motorrak, kimika gaiak) dira. 1991n Azerbaijanek ezarri zion blokeoa zela-eta, kalte handiak izan zituen: gas naturala, petrolioa eta beste energia batzuk lortzeko arazo larriak izan zituen Armeniak, eta horren ondorioz 1994an berriro zabaldu zen Armeniako zentral nuklear bakarra, segurtasun neurriak bete gabe, ordea. ■ Nekazaritza. Nekazaritza da herrialdeko bigarren ekonomia jarduera aipagarriena; barne produktu gordinaren laurdena inguru 1991n eta langileen % 40 1992an. Gai nagusiak garia, patata, tabakoa, barazkiak eta mahatsa dira. Hala ere ez dute ateratzen bertako beharrak asetzeko adinako uzta, eta kanpotik inportatu behar izaten ditu nekazaritzako gai asko. Dena dela, Azerbaijanen blokeoa eta Georgiako gerra zibila zirela medio, eta 1991n lurren pribatizazioa hasi izanaren ondorioz, ekoizpena igo egin zen 1990eko hamarraldiaren hasieran. ■ Historia. Lehen Armenia Van aintziraren inguruan egituratu zen K.a. XIII. mende aldera. Asiriarren erasoak jasan ondoren, herri indoeuropar batek inbaditu zuen K.a. VII. mendean. Bertako biztanleriarekin elkartu eta egungo herri armeniarra osatu zuten. Estatu berria mediar, persiar eta mazedoniarren esku egon zen. Seleukotarren mende (Antiokos III.a), bi zatitan banatu zen: Armenia Handia eta Armenia Txikia. Erromatarren konkistak batasuna itzuli zien armeniarrei, Inperio barruko probintzia nahiz erreinu izan zelarik. Tiridate III.aren erreinaldian (294-324), Armenia kristautu egin zen (San Gregorio izan zen lehen apezpikua). 636. urtean arabiarrek konkistatu eta nolabaiteko autonomia gorde bazuten ere, bizantziar eta turkiar seljukidarren arteko guduen ondorioz, XI. mendean, biztanleriaren zati batek erbestera jo eta Krimea, Galitzia eta Ziliziako lurraldeetan Armenia Txikia izeneko estatua fundatu zuten (1080). Gurutzadetan parte hartu zuen Armeniak. XVI. mendean, turkiarrek eta persiarrek erdibanatu zuten Armenia (turkiarrak mendebaldean egokitu ziren eta irandarrak ekialdean). XIX. mendean, errusiarrek Erevan lurraldea hartu zuten (1828), baina Erzerum aldeak turkiarren esku iraun zuten. Turkiarrek izugarrizko zapalkuntza eta sarraskiak bideratu zituzten armeniar abertzaleen aurka (1894-1896 eta 1915-1916 urteetan nagusiki). Bi milioi armeniar hil zituzten Lehen Mundu Gerran eta bizirik gelditu ziren armeniarrek Turkiak hartutako herria utzi eta erbestera jo behar izan zuten, Armenia sobietarrera nagusiki. Sèvresko Itunean Armeniako estatu burujabea eraiki zedin onartu bazen ere, erabaki hori ez da orain arte indarrean jarri. Mustafa Kemal turkiarraren gudarosteek Kars eta Ardahan hartu zituzten bitartean, boltxebikeek, Mikoian buru, Armeniako errepublika sobietarra aldarrikatu zuten, Erevan lurraldean. ■ Azken urteak. Sobietar Batasunak perestroika politika abian jarri zuenean, indar handiz nabarmentzen hasi ziren bertako errepublikek lurraldetasunari, hizkuntzari, burujabetasunari eta abarri buruz egiten zituzten eskakizunak. Horrela, 1991. urtean, armeniarrek Sobietar Batasunetik aldentzeko erabakia hartu zuten hauteskundeetan, eta Armenia estatu burujabe eta independente bihurtu zen; Ter-Petrossian izan zen errepublikako lehenengo lehendakaria. Urte hartan bertan Estatu Burujabeen Batasunean sartu zen, eta 1992an Nazio Batuetako kide egin zen. Dena dela, independentzia ondoko urteetan arazo asko izan ditu Armeniak. Batetik 1988ko lurrikararen kalteei aurre egin behar zien gobernuak (55.000 lagun hil ziren), eta bestetik 1988an Armenia Azerbaijanekin gerran sartu zen Nagorno-Karabakh lurralde armeniarrak Armeniarekin bat egin nahi zuela-eta (biztanleen % 80 armeniarrak ziren). Sobietar Batasunak Nagorno-Karabakheko armeniarren eskakizunak 1989an onartu zituen arren, ez zen konpondu gatazka. Arazo horiek guztiak zirela-eta, gobernuaren aurreko oposizioak indar handia hartu zuen. Oposizioko alderdi nagusietako bat Armeniako Federazio Iraultzailea izan da (Dashnakutisun), Nagorno-Karabakheko gudaroste armeniarrean eragin handia duen alderdia; ez zituen onartu Armeniako gobernuak antolaturiko berrikuntza ekonomikoak, eta Errusiarekiko lotura estuagoa eskatzen zuen. Talde haren eta oposizioko beste batzuen eraginez, dimisioa eman behar izan zuen Kosrov Arutiunian Lehen ministroak, eta Grant Bagratian izendatu zuten behin-behinengo Lehen ministro 1993an. Urte hartan bertan Armeniak Azerbaijango gudarostea garaitu zuen eta Nagorno-Karabakh eta inguruko lurraldeen gaineko kontrola eskuratu zuen, baina Azerbaijanek energia blokeoa ezarri zion Armeniari eta horrek oso ondorio kaltegarriak izan zituen bertako ekonomian, Armeniak ez baitu lehengai aski. 1994an su-etena sinatu zen bi herrien artean eta Armeniako ekonomiak gora egin zuen (nahiz eta energia blokeoa ez zioten kendu), baina egoera politikoa oso kaskarra zen. Oposizio nazionalista erradikalak ez zuen onartu konstituzio berriaren sorburu izan zen erreforma politikoen prozesua (lehendakariaren ahalak areagotzen zituelako konstituzio hark) eta ez zuen onartu, halaber, 1995eko hauteskundeetan aginpidean zegoen alderdiaren garaipena (MNA); nazioarteko behatzaileek ere salatu zituzten hauteskunde haietako nahasmendua eta gorabeherak. 1996ko hauteskundeetan, dena dela, Ter-Petrosianek botoen % 52 lortu zuen eta bera atera zen berriro lehendakari. Ordu arteko norabide politiko beretik jarraitu zuen harrezkero: liberalizazio ekonomikoaren barruan, enpresak pribatizatzea, oposizioari gogor aurre egitea (Dashnakutisun alderdia debekatu zuen), Iranekin eta Errusiarekin harremanak sendotzea, eta Nagorno-Karabakheko gatazka amaigabeari elkarrizketa bidezko irtenbidea bilatzea. Ter-Petrossian lehendakariaren neurrien kontra agertu ziren gobernuko zenbait kide, eta azkenik 1998an Azerbaijanekiko hitzarmen bat proposatu zuelarik, dimisioa ematera behartu zuten. 1998ko martxoan ordu arte Lehen Ministro izandako Robert Kotxarian izendatu zuten estatuburu eta lehendakari, eta Armen Darbinyam, gobernuburu; alderdi komunistak indar handia duen arren, lehendakaria ez da alderdi horretakoa eta joera nazionalistako gobernua eratu da. Bestalde, eta arazo nagusiak Nagorno-Karabakheko lurraldearen gerrak ekarri badizkio ere, aipagarriak dira Turkiarekin izandako arazoak, PKK (Langile Kurduen Alderdia) babestu izanaz salatu baitu Tukiako gobernuak Armenia.
http://www.armenica.org/