Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arletty

(Jaiotza izena, Arlette-Leonie Bathiat). Frantses antzezlea (Courbevoie, 1898 - Paris, 1992). Lehenik fabrika batean lan egin zuen, eta gero idazkari eta modelo lanak ere egin zituen. 32 urte zituela hasi zen zineman, René Hervil-en La douceur d’aimer (1930) filmean. Hurrengo urteetan, komedia arinen edo arrakasta handiko antzerki egokitzapenen antzezpenekin txandakatu zituen eszenako lanak. Nolanahi ere, bere antzezteko era deigarria iruditu zitzaion orduko kritikari, “errebaletako enperatriza” deitzen baitzuen. Jacques Feyder-en Pension Mimosas (1935) izan zuen urte haietako lehen lan garrantzitsua. Bi urte geroago, Sacha Guitry Frantziako zinema eta antzerki munduko gizon ospetsuak hiru aldiz deitu zuen, Faisons un réve; Désiré; eta Les perles de la couronne lanetarako. Ospe handiena, ordea, hurrengo urtean lortu zuen Marcel Carné-k zuzendutako Hôtel du Nord (1938) filmarekin. Zuzendari honen hurrengo hiru maisulanetan ere parte hartu zuen: Le jour se lčve (1939); Les visiteurs du soir (1942) eta Les enfants du paradis (1943). Grazia aparta eta umore sena miresgarria zituen Parisko langileriaren ohiko itxura oroitarazten zuen Arlettyk. Carnéren azken bi filmak egin ziren garaian, ordea, alemaniarren esku zegoen Paris, eta Arlettyk harreman arriskutsuak izan omen zituen etsaiarekin; hori zela-eta, bi urtez deserriratu zuten probintzietara. Hala ere antzezpen lanak egiten jarraitu zuen, 1962an jasandako istripu baten ondorioz ia erabat itsutu zen arte.