Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argiñano Urkiola, Karlos

Gipuzkoar sukaldaria (Beasain, 1948). Lehenengo ikasketak Lazkaoko beneditarretan egin zituen eta ondoren Industria Maisutza ikasi zuen. Beasaingo tren lantegi batean txapista modura egin zuen lan. 17 urterekin, Zarauzko Euromar Hoteleko Ostalaritza Eskolan izena eman eta eskolak jaso zituen Luis Irizarren eskutik. Behin ikasketak amaituta, Donostiako Maria Cristina eta Londres Hoteletan lan egin zuen. Zarauzko Golf Elkartean sukalde buru izan zen 1970. urtetik aurrera. Garai hartan, “Euskal Sukaldaritza Berria” higikundean parte-hartze zuzena izan zuen, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Ramón Roteta, Tatus Fombellida eta José Juan Castillorekin batera. 1978an bere ametsetako bat bete eta Zarauzko hondartzan bertan bere jatetxea zabaldu zuen. Gerora, jatetxea zabaldu eta hotela ere jarri du, harrizko gaztelua den eraikuntzan. 1996an, Aiala Sukaldaritza Eskola ireki zuen Zarautzen. Telebistan sukaldaritzari buruzko hainbat saio zuzendu eta aurkeztu ditu.